Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-02-15

Marraz(i)Oak bloga sortu du Galtzagorrik

Galtzagorri Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatzen duten Marraz(i)Oak topaketak dagoeneko badu bere lekua sarean: http://marrazioakgaltzagorri.blogspot.com/.

Bertan aurki daizteke orain arteko hiru edizioetako bideoak, argazkiak eta informazio orokorra. Baita irakasle lanetan ibili diren irudigile eta idazleen, nahiz parte hartu dutenen inguruko informazioa ere.

Marraz(i)Oak topaketen lehen edizioa (2009) ilustratzaileei zuzendua izan zen. 2010ean, aldiz, idazle eta irudigileei zuzendu zitzaien, eta 2011n, beste behin ere, irudigileak izan dira parte hartu dutenak. Aurreko edizioetan paperezko euskarriaren gainean jardun zuten lanean, Harkaitz Cano eta Ignasi Blanchen gidaritzapean. Hirugarren edizio honetan, ordea, euskarri digitaletara bideratu da topaketetan egindako lana. Idazle bat (Oier Guillan), irudigile bat (Jose Belmonte) eta animazio egile bat (Isabel Herguera) izan dira irakasleak.

Gazteentzako mikroipuin animatuak sortzea izan da Marraz(i)Oak III-ren helburua eta Jules Verneren NAUTILUS itsaspekoa izan dute inspirazio-iturri eta abiapuntu: ur azpiko soinuak, animalia bitxiak, iluntasuna, argia...

Oier Guillanen testu ezkutu batetik hasita ipuina sortu dute, nola hasi bai, baina nola bukatuko zen jakin gabe. Isabel Herguera eta Jose Belmontek erakutsi diete animazioaren bitartez istorioak nola eraiki. Artelekuko kableen artean, hezetasuna eta hotza sentituz, azken uholdeetan urak utzitako arrastoari jarraituz sortu dute NAUFRAGOTILUS NAUTILUSFRAGO izeneko sormen lana. Laster web gune honetan eta blogean ikusgai egongo dena.