Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-07-03

Mariasun Landa Moskuko Nazioarteko Liburu Azokan

Ekainaren 10etik 13ra egingo den Moskuko Nazioarteko Liburu Azokak Mariasun Landa idazlea gonbidatu du aurtengo ediziora. Izan ere, Kompasguide argitaletxeak Landaren Krokodiloa ohe azpian liburua (Haur eta Gazte Literaturako 2003ko Sari Nazionala) errusieraz argitaratu du eta Azokan aurkeztuko dute egunotan, egilea bertan dela.

Krokodiloa ohe azpian liburuaren errusierazko argitalpena aurkezteaz gain, Mariasun Landak euskal literaturari buruzko hitzaldia ere emango du hilaren 13an Instituto Cervantes erakundearen Moskuko egoitzan. Ekimen hori Espainiak Moskun duen Enbaxadako Kultura Sailak lagundu du.

Mariasun Landak haurrentzako hogeita hamar bat liburu idatzi ditu, euskaraz, eta horietako asko gaztelaniara, katalanera, galegora eta aranerara itzuli dira, baita ingelesera, frantsesera, alemanera, grezierara, bretoierara, albanierara, arabierara, koreerara eta errusierara ere. Literaturaren Didaktikako irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta eskolak ematen ditu Donostiako Irakasleen Eskolan. Jakiunde Euskal Herriko Zientzien, Arteen eta Letren Akademiako kide ere bada. Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria jaso zuen 1991n eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2003an. Horrez gain, hainbat aipamen eta sari ere jaso ditu atzerrian, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturako Nobel saritzat jotzen den Nazioarteko Andersen sarirako hautagaitza 2008an.