Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-05-25

Mariaren Lagundiara, Axular Lizeora eta Landaberrira joan dira sari nagusiak

Olainloclau taldea (Mariaren Lagundia DBH1, Bergara) eta Esther Muxika eta Eider Garcia bikotea (Axular Lizeoa DBH4, Donostia) izan dira Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako saritu nagusiak Ikastetxeen kategorian. Norbanakoen kategorian, berriz, Munduko Imajinarium taldeak (Landaberri BHI, DBH1, Lasarte-Oria) lortu du saria. 

Epaimahaiak hautatu ditu book trailer horiek lehiaketara aurkeztu diren 241 book trailerren artetik. Beste bi sariak publiko zabalak hautatu ditu boto bidez, apirilean egin zen bozketan.

Lehiaketa arrakastatsua

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 21 ikastetxek hartu dute parte. Gipuzkoako DBHko 16 ikastetxek, Bizkaiko 4 ikastetxek eta Arabako 1ek: Julio Caro Baroja (Getxo), Abadiño BHI (Abadiño), Txintxirri Ikastola (Elorrio), Juan Orobigoitia Institutua (Iurreta) eta Olabide ikastola (Gasteiz).

Guztira, 1.500 bat ikasle. 241 book trailer sartu dira lehiaketan: 230 Ikastetxeen kategorian eta 11 Norbanakoenean. Iaz baino 46 book trailer gehiago.

Sari-banaketa ekitaldira ia 200 lagun etorri ziren eta Tabakalerako zinema-aretoa leporaino bete zen. Hemen egun horretako argazki-sorta.

Epaimahaia honako adituek osatu dute: Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak; Joanes Urkixo idazle eta gidoigileak; Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Liburutegiko arduradunak eta Irati Zaldua Tolosako Udal Liburutegiko bibliotekariak. Eta hauek izan dira irabazleak hautatzeko haien arrazoiak: 

DBH1-2 multzoan Olainloclau taldea izan da garaile, Lesterren logika (Elkar, 2006) liburuaren book trailerrarekin. Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH1eko ikasle taldearentzat, hortaz, sari nagusietako bat.

 

Epaimahaiaren iritzia: hitz gutxirekin argumentua oso ondo azaltzen du. Esaldi egokiak hautatu dituzte. Amaierako galderak oso egokiak dira. Ilustratzailearen lana egoki erabili eta aipatu dute.

Saria: lau lagunentzako abentura txangoa eta 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Kategoria honetan, baina, DBH3-4 multzoan, Esther Muxika eta Eider Garciaren lana (Watsondarrak liburuari buruzko book trailerra) izan da onena epaimahaiaren iritziz. Bikote hau Donostiako Axular Lizeoko ikastetxeko DBH4ko ikasleek osatzen dute. 

Epaimahaiaren iritzia: istorioko daturik garrantzitsuenak oso argi kontatzen ditu. Stop motion teknika oso ondo erabili dute. Musika egokia da eta oso lan originala da.

Saria: lau lagunentzako abentura txangoa eta 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Saria Ana Isabel Morales, Watsondarrak liburuaren itzultzaileak eman die.

Norbanakoen kategorian, berriz, Munduko Imaginarium taldearentzat izan da saria. Beti iparralderantz (Erein, 2014) liburuari buruzko lanarekin irabazi dute.  

Epaimahaiaren iritzia: irudiak, oro har, egokiak dira. Musika aproposa horrelako liburu batentzat eta narrazioa oso egokia.

Saria: lau lagunentzako abentura txangoa eta 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 Saria, Kristina Fernandez, Beti iparralderantz liburuaren ilustratzaileak eman die.

Jakinminez eta emozioz betetako uneak izan dira gaurkoak. Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabaleak jakinarazi eta sariak banatu ditugu Tabakaleran, ia berrehun lagunek bete duten zinema aretoan.  

PUBLIKOAREN SARIA

Ikastetxeen kategorian Eibarko Mogel Isasi ikastetxeko DBH2ko Aejae taldeak irabazi du 160 botorekin eta Norbanakoenean Urnietako Egape ikastetxeko Ssati taldeak 58 botorekin. Guztira, 724 boto bildu dira.

 

Aejae taldeak Koldo Izagirreren Dumitru (Erein, 2014) liburuari buruzko book trailerrarekin irabazi du. Ikasgela osoarentzat 200 euroko bonoa eskuratu dute (libru eta diskotan gastatzeko). Saria Galtzagorri Elkarteko Iñaki Markotegik eman die. 

Ssati taldeak, berriz, John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburuaren book trailerrarekin lortu du saria. E-reader bat jaso dute, Arantza Mariskal Tabakalerako UBIK liburutegiko zuzendariaren eskutik.

UBIK Liburutegia

Sari-banaketa ekitaldiaren ostean, ikasleek Tabakalerako UBIK liburutegia ezagutzeko aukera izan dute; Arantza Mariskal liburutegiko zuzendariak berak eman dizkie azalpenak, eta, ondoren, libre ibili dira liburutegia ezagutzen eta eskaintzaz gozatzen. Lehiaketarako egin dituzten book trailerrak sortzeko hainbat baliabide ezagutzeko aukera ere izan dute.