Gaurtik eta irailaren 11 arte Maite Rosende ilustratzailearen lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan. Maite Rosende pinturez inguratuta bizi izan da (Donostia, 1991). Batxiler artistikoa bukatu eta Horma Pinturako goi-mailako gradua ikasi zuen Bartzelonako Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskolan, Vic-en. Ondoren, Ilustrazioko Goi mailako zikloa egin zuen Llotja Eskolan, Bartzelonan. Diziplina artistikotan etengabe trebatzeaz gain, diseinu grafikoaren, argazkigintzaren eta bideo edizioaren arloetan trebatu zen. Euskalirudigileak eta Galtzagorri elkarteetako kide da.
Freelance gisa egiten du lan. Besteak beste, kartelgintzan lan ugari eginikoa da eta 2015, 2016 eta 2017an irabazi zuen Donostiako Zinemaldiaren kartel lehiaketa. Muralismoaren alorrean ere lan egiten du, 2021ean Donostiako Altza Apain Kaleko Arte Topaketetan eta Zaragozako Asalto Jaialdian parte hartu zuen. Liburuen ilustraziogintzan aritzen da. Hain zuzen ere, Pello Añorgarekin batera Din dilin dan (Denonartean, 2022) euskal ahozko tradiziotik jasotako kantu, poema eta testuez osatutako liburua ilustratu berri du. Argitaletxe berarekin plazaratuko du, 2022ko udazkenean, Guruyi Jon Lorentek idatzitako komikia eta yoga lantzeko karta-jokoa. El viaje de la luz (Diquesi argitaletxea) liburuko ilustrazioak egin zituen, Puño eta Carmen Saldañarekin batera. Azken obra honek Madrileko Udalak 2016an antolatu zuen liburuaren diseinuari zegokion saria eskuratu zuen. Bere ilustrazio lanen errekonozimendu, 2021eko Iberoamerikar Ilustrazio katalogoan Rosenderen lana hautatua izan da.
Kolore biziko ilustrazio dinamiko eta geometrikoak egiten ditu teknika ezberdinak erabiliz, arkatzetik hasi, washetik pasa eta collageraino. Haurrek mundua ikusteko duten moduak inspiratzen dutenetakoa da eta, horregatik, bere marrazkiak beti mugimenduan daude. Ez dio beldurrik marrazteari. Marrazteko ez omen da «asko pentsatu behar». Emaitza gustatu edo ez, «ondo pasatzea» da Rosenderen errezeta.