Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-01-12

Maite Gurrutxagaren lanak Ilustratzailearen Txokoan

Gaurtik aurrera Maite Gurrutxaga ilustratzaileren lanak izango dira ikusgai Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan, martxoaren 23 arte.

Txoko berezia da Aiete Kultur Etxean ilustratzaileentzat paratu dutena. Aitziber Alonso ilustratzaile eta Galtzagorri Elkarteko lehendakariak berak sortutakoa, hain zuzen. Erakustoki desberdinetan banatuta dago txokoa: armairua, ispilua, pendulu erlojua eta kutxa. Bertan aurkitu daitezke ilustratzaileek liburuetarako egindako ilustrazioak, liburuak, objektuak, eskulturak eta altxor txikiak.

Galtzagorri Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean sortutako Ilustratzaileen Txokoa egitasmoa 2012ko urrian jarri zen martxan eta jada Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola eta Antton Olariagaren lanak egon dira erakusgai.

Orain Maite Gurrutxagaren txanda da. Amezketako ilustratzaile gazteak berak sortutako hainbat ilustrazio eta objektu bildu ditu Ilustratzailearen Txokorako.

Maite Gurrutxaga Otamendi

Arte Ederrak ikasia Leioako EHU-n eta Bartzelonako UB-n. Arte Ederrak ikasten ari zela ezagutu zuen ilustrazioaren mundua, eta orduan erabaki zuen hori zela jorratu nahi zuen bidea, ilustratzailearena, alegia. Horregatik, ilustrazioa ikasi zuen Bartzelonako Escola De La Donna zentruan.

2008. urtean hasi zen liburuak ilustratzen. Tartean egin ditu diskoen azaletarako ilustrazioak, heldu, gazte eta haurrentzako liburuetako irudiak, aldizkarietarako kolaborazioak…eta abar.

2009. urtean Haurrendako Album Ilustratuen Etxepare saria irabazi nuen Mikel Gurrutxagaren ondotik, Alex nire laguna album ilustratuarekin, ondoren Pamielak eta Kalandrakak argitaratu zutena 2010. urtean.

2012an, Galtzagorri Elkarteak Itziar Zubizarretak zuzendutako Kontuari Kontu ipuin bilduman Hiru olatuak ipuina ilustratu zuen. Horrez gain, Galtzagorriren Klis-klasikoak bildumaren barruan argitaratu zen Amattoren uzta libururako ere lan bikaina egin zuen urte horretan.

2013an, berriz, Edo Argitaletxearen Begikoak atalean, Maite Gurrutxaga, Alderik alde argitaratu du. Hau 2010 eta 2011 urteen artean betetako bozetu liburuen bilduma da.

EiTBko bideo honetan ikus daiteke Gurrutxagaren lana.