Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-02-05

Maite Gurrutxagak aipamen berezia Lazarillo Sarietan

Haur eta Gazte Literaturako Sari zaharrena da Lazarillo Saria. 1958. urtean sortu zuen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sari hauek antolatzearen ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaide izanik, sari hauetako epaimahaian parte hartzen du urtero. Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko produkzioa bultzatzeaz gain, haurrentzako album ilustratuen produkzioa sustatzea ere bada.

 

Sariak

Album Ilustratuan zein Sormen Literarioaren atalean Lazarillo Sari bana ematen da urtero. 8.000 euro irabazten ditu irabazleak kategoria batean zein bestean.

2009an Sormen Literarioaren atalean guztira 53 lan aurkeztu dira, 38 narrazioan, 13 poesian eta 2 antzerkian. Horietatik 49 gazteleraz idatziak ziren, 1 katalanez eta 3 gailegoz. Euskaraz batik ere ez zen aurkeztu. Irabazlea Vigoko Marcos Calveiro izan da "Setenta y nueve días" izeneko gaztetxoentzako lanarengatik. Baina honetan ere aipamen berezirik egon da, Kubako Marie Rojasek idatzitako "Villa Beatriz" lanak jaso duena hain zuzen.

 

Maite eta Mikel Gurrutxagaren aipamen berezia

Album ilustratuaren atalean berriz, Maite eta Mikel Gurrutxaga Otamendi anai-arreba amezketarrek jaso dute aipamen berezia. Ia bukaerararte irabazlea izan den "Los fabricantes de montañas" lanarekin lehian egon eta gero, aipamen berezia jaso du Gurrutxagatarren "Alex nire munstro-lagun on-ona" albumak. Dirurik ez jaso arren, diploma jasoko dute anai-arrebek.

Maite Gurrutxaga Amezketan jaio zen 1983an. Arte Ederrak ikasi ondoren, Bartzelonan autoedizioko eta ilustrazio kurtsoak egin zituen, Escola de la Donna zentroan. Egun Galtzagorriko bazkide ere bada. Orain ar:te bi lan ditu ilustratuak Gurrutxagak, honakoak "Zein beste mundukoa". Karlos Linazasoro, Elkar, 2008 eta "Gau Ilunekoak", Joseba Sarrionandia, Elkar, 2008.