Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-04-05

Maiatzaren 5a arte zabalik da Vitoria-Gasteiz itzulpen sarietara lanak aurkezteko epea

Vitoria-Gasteiz itzulpen sarien 2023ko edizioaren deialdia eta oinarriak argitaratu ditu Gasteizko Udalak. Maiatzaren 5era arte zabalik egongo da sarira lanak bidaltzeko epea.

Sariok 2002an sortu zituzten udaleko Euskara Zerbitzuaren ekimenez, eta haur eta gazte literaturari (HGL) espresuki aitortza egiten dion euskal itzulpen sari bakarra da. Deialdi honen helburua da itzultzaileek egindako lanik onenak saritzea, generoa edozein dela ere. Kategoria hauetan banatuko dira sariak:

Haur literatura (6-12 urte): diploma eta 9.000 euro.

Gazte literatura (13-18 urte): diploma eta 9.000 euro.

Nahi adina lan aurkeztu ahal izango dituzte itzultzaileek modalitate batean zein bestean. Lanek, edozein hizkuntza jatorri izanda, HGLko lanak izan behar dute eta 2022ko Lege Gordailua izan behar dute. Enpresek egindako itzulpen-lanik ez da onartuko.

Lanak aurkezteko eskabidea bete behar da eta, eskabideaz gain, itzulitako lana bera eta jatorrizkoa aurkeztu beharko dira. Jatorrizko hizkuntzatik itzuli ez bada, bitarteko hizkuntzako bertsioaren ale bat ere erantsi beharko da.

Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Gasteizko Udalaren herritarrei laguntzeko bulegoetan, edo posta arruntez helbide honetara bidaliz: Vitoria-Gasteizko Udala, Espainia plaza 1 01001, Vitoria-Gasteiz.