Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-04-22

Lizardi Sariaren oinarrietan aldaketak egin dituzte

Abian jarri berri duten Zarauzko Udalak antolatutako Lizardi Sariaren deialdia aldaketaz beteta dator. 40. ekitaldia da aurtengoa eta, aurrerantzean, haur eta gazte literatura txandakatuko dituzte. Aurten, gazteei zuzendutako literatura lan onena sarituko dute. Beste aldaketa nabarmenena da irabazleak jasoko duen sari ekonomikoa 5.500 eurora igo dutela. Sari horrez gain, 1.000 euro bideratuko dituzte lan irabazlea ilustratzen duen sortzailearentzat.

Aurtengo lehiaketak gazte literatura izango du ardatz eta aurkeztu beharreko lanak 13-17 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta egongo dira. Idazlanen ezaugarriei dagokienez, 55.000 karakteretik gorako lan originalak izango dira eta Zarauzko Udaleko Kultura Departamentura helarazi beharko dira, izengoitik sinatuta. Lanak aurkezteko epea uztailaren 14an bukatuko da.

Sari banaketa apirilaren 2an egingo dute aurrerantzean, Nazioarteko Haut eta Gazte Literaturaren egunean, Zarauzko Modelo aretoan. Saria emateko ekitaldian idazle batek haur eta gazte literaturari buruzko manifestu bat irakurriko duela iragarri dute.

Lizardi Sariaren oinarriak