Hastear da Galtzagorri elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, sortutako Areto Literarioen bira. Laugarren urtea da literatura jolasteko eta hausnartzeko espazio bihurtzen dugula.
Zizurkil, Urretxu, Errenteria eta Lizartzako herrietan muntatuko ditugu aretoak 5-11 urte bitarteko ikasleek haiekin goza dezaten. Areto bakoitzean hamar dinamizazio saio eskainiko ditugu gutxienez harik eta haur gehienek parte har dezaten.
Zizurkilen irekiko dugu lehenengo aretoa azaroaren 16an. "Aliziaren burutazio miresgarriak" eramango dugu liburutegira. Galtzagorrin sortu dugun aretorik berriena da, 10 eta 11 urteko haurrei zuzendutako aretoa. Lewis Carroll-en obra handiak ez du irakaspenik, hala idatzi zuen idazleak. Asko du ironiatik eta hitz jolasetik, baita abenturatik ere. Aretoak hori guztia barne bildu du eta haurrei obra bera ezagutzera emateaz gain, umorea, moralaren zein ezarritako arauen gaineko hausnarketa eta arte heziketa sustatu nahi ditu.
Azaroaren 20an, arratsaldez, familiei zuzendutako saioa eskainiko da.
Azoaren 23an, Urretxun izango da "Itsaspeko bihotzak" aretoa. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Bost gune daude itsasoan barreiaturik eta gune bakoitzean artearen bitartez eduki ideologiko zehatzak lantzen dira. Aretoa 2014an jaio zen Galtzagorriren eskutik. Aitziber Alonsok, Miren Guillok eta Mireia Delgadok sortu zuten eta bere baitan, besteak beste, Elena Odriozolaren eta Eider Eibarren ilustrazioak hartzen ditu.
Errenterira, "Animaliek hizketan zekiten garaian" aretoa joango da urtarrilean. Animaliek ahozko tradizioan eta haur literaturan izan duten toki nabarmena balioesten duen aretoa da. Galtzagorrik 2006an sortutako aretoa da eta hainbat alegia aretoan kontatuak izateko sortu genituen propio. Are gehiago, lau alegia originalekin DVD bat egin genuen aretoan integratzeko. Aretoa 6-8 urte bitarteko haurrentzat egina dago eta haien parte hartzea ezinbestekoa du. Animalien deskribapenak, antzezpen txikiak eta kontalaritza uztartzen ditu, besteak beste. Helburua haurrek literatur genero ezberdinak jolasten landu ditzaten eta hori guztia espresuki diseinatutako espazioan.
Bukatzeko, urtarrilean, "Adur adur, ez naiz zure beldur" aretoa paratuko da Lizartzan. Juan Kruz Igerabideren Jonas eta hozkailubeldurtia (Aizkorri, 1999) ipuina da aretoaren oinarria. Euskadi Saria jaso zuen Igerabidek, izan ere ipuinak ezin hobeto jasotzen du beldurraren emozioa. Liburu hartan oinarriturik Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu eta Aitziber Alonsok diseinatutako areto honetan beldurraren emozioa lantzen da. Horretarako, Jonas-en ipuinean agertzen den sukaldea sortu zuen Galtzagorrik. Haurrek beldurra ematen duten pertsonaiekin egingo dute topo sukalde horretan, hots ikaragarriak entzungo dituzte eta gauza nazkagarriak ukitu. Horrez gain, beldurrari lotutako hainbat liburu ikusi eta irakurtzeko parada eskaintzen zaie.