Hemeroteka

2019-10-15

Literatura jolas Areto Literarioetan

Hastear da Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, sortutako Areto Literarioen bira. Hirugarren urtea da literatura jolasteko eta hausnartzeko espazio bihurtzen dugula. Eskoriatza, Mutriku, Andoain eta Oiartzungo udal espaziotan muntatuko ditugu aretoak 6-11 urte bitarteko ikasleek haiekin goza dezaten. Areto bakoitzean hamar dinamizazio saio eskainiko ditugu harik eta haur gehienek parte har dezaten.

  • Eskoriatzan irekiko dugu lehenengo aretoa urriaren 18etik 25era. Animaliak hizketan zekiten garaian aretoa eramango dugu Debagoienako udalerrira. Animaliek ahozko tradizioan eta haur literaturan izan duten toki nabarmena balioesten duen aretoa da. Galtzagorrik 2006an sortutako aretoa da eta hainbat alegia aretoan kontatuak izateko sortu genituen propio. Are gehiago, lau alegia originalekin DVD bat egin genuen aretoan integratzeko. Aretoa 6-8 urte bitarteko haurrentzat egina dago eta haien parte hartzea ezinbestekoa du. Animalien deskribapenak, antzezpen txikiak eta kontalaritza uztartzen ditu, besteak beste. Helburua haurrek literatur genero ezberdinak jolasten landu ditzaten eta hori guztia espresuki diseinatutako espazioan.

 

  • Bigarren aretoa Mutrikura eramango dugu urriaren 22tik 30era. Haur poesia aretoaz gozatuko dute bertako 8 eta 11 urte bitarteko haurrek. Aretoak lau zuhaitzez osatutako basoaren itxura du. Ikasleek ibilbide bat egingo dute basoan barrena. Zuhaitz bakoitzaren azpian jolas bat proposatuko die dinamizatzaileak. Limerick-ak, herri poesia, haikuak eta hitz parrastadak dira zuhaitz bakoitzak gordetzen dituen poesia altxorrak. Liburuxkak, CDak eta Euskal Haur Poesiaren bibliografia zabala eskura izango dute umeek. Poesia egitura ezberdinak, poesia hizkuntz jolas gisa, figura poetikoen erabilpenaz eta adierazien eraldatzeaz ikasiko dute haurrek jolasten, betiere. 

 

  • Hirugarren aretoa urriaren 31tik 8ra Andoainen egongo da. Galtzagorrin sortu dugun aretorik berriena da, Aliziaren burutazio miresgarriak aretoa. 10 eta 11 urteko haurrei zuzendutako aretoa da. Lewis Carroll-en obra handiak ez du irakaspenik, hala idatzi zuen idazleak. Asko du ironiatik eta hitz jolasetik, baita abenturatik ere. Aretoak hori guztia barne bildu du eta haurrei obra bera ezagutzera emateaz gain, umorea, moralaren zein ezarritako arauen gaineko hausnarketa eta arte heziketa sustatu nahi ditu.

  • Laugarrena Oiartzunen izango da, Itsaspeko bihotzak aretoa. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Bost gune daude itsasoan barreiaturik eta gune bakoitzean artearen bitartez eduki ideologiko zehatzak lantzen dira. Aretoa 2014an jaio zen Galtzagorriren eskutik. Aitziber Alonsok, Miren Guillok eta Mireia Delgadok sortu zuten eta bere baitan, besteak beste, Elena Odriozolaren eta Eider Eibarren ilustrazioak hartzen ditu. 


Zirkuitotik aparte, herri desberdinetako udal eta bibliotekek ere luzatu dizkigute eskaerak, aretoak beraien herrira eramateko. Hauexek dira urte bukaera bitarte izango diren aretoak:

Durangon: Aliziaren burutazio miresgarriak aretoa egongo da urriaren 31ra arte.

Donostian: Adur, Adur ez naiz zure beldur aretoa izango da azaroaren 11tik 29ra.

Altsasun: Itsaspeko bihotzak aretoa, abenduaren 2tik 20ra.