Nafarroako Gobernuak, Liburutegi Lankidetzarako Kontseiluaaren laguntzarekin "Liburutegien balioa" izeneko ikerlanaren emaitzak eman ditu argitara.
Besteak beste, liburutegin balioen artean nabarmendu nahi izan dute Nafarroako liburutegietan urtean inbertitutako euro bakoitzeko, haiek 3,49 €-tik 4,66 €-ra bitarte itzultzen dituztela haien zerbitzuen bidez.Txosten osoa on line dago: http://www.elvalordelasbibliotecas.es/eu/txostena.
Ikerlan hau estatistika-iturrietan oinarritzen da, baina baita Nafarroako biztanleen eta liburutegien erabiltzaileen artean egindako 5.200tik gorako inkestatan ere. Nafarroako eta estatu mailako profesionalek, erakundeek eta enpresek lagundu dute horretan.
Balioak
Ateratako ondorioen arabera, liburutegien garrantzia zerbitzu kultural gisa dutena baino harago doa: lehen mailako hezkuntza-baliabidetzat ere jotzen da, baita garapen sozialeko baliabidetzat ere, eta horrekin bat datoz bai liburutegiak erabiltzen ez dituen sektore soziala, bai erabiltzaileak.
Eginkizunen artean, "Aukera berdintasuna ziurtatzea informazio eta ezagutzarako sarbidean" da gehien nabarmentzen dena (8,8ko balorazioa); eginkizunik garrantzitsuena da liburutegi publikoen erabiltzaileen ustez.
Bestalde, ezinbestekotzat jotzen dira goi mailako hezkuntzarako eta ikerketarako, eta garrantzi handia dute unibertsitateen eta beste esparru profesional batzuen kalitatean ere.
Dirutan
Guztia zenbakietara, txanponetara, itzulita honako ondorio nagusia atera dute ikerlariek: urtebetean erabilitako zerbitzuen balioa, merkatuaren araberako prezioak aintzat hartuta, 61,7 milioi euro da. Gastuak kenduta (17,7 milioi), liburutegiek sortzen duten etekin garbia 44,1 milioi eurokoa da urtean.
Erabiltzaileek, berriz, estimazio handiagoa egin dute liburutegiaren erabilerari prezio hipotetiko bat jartzean; hortaz, liburutegiek ikerketari egiten dioten ekarpen estimatua kontuan hartuz gero, balioa 82,3 milioi eurokoa da urtean.
Guztian aintzat hartuta, ikerlan honen ondorio nagusia da liburutegiak inbertsio "bikaina" direla. Ez bakarrik arlo ekonomikoan dituen kostuak eta etekinak alderatuta, baita pertsonen eta gizartearen ongizatean duen eragin positiboa aztertuz gero ere.