Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-10-24

Liburutegiak ekitaldiz beteko dira haien egunean

Urriaren 24an, Liburutegiaren Eguna ospatuko da eta ekitaldiz betetako astea ari dira izaten gure herrietako liburutegi gehienak. 1997an abiatu zen egun hori ospatzeko ekimena Espainian, eta harrez gero, Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren Lagunen Elkarteak, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin antolatzen du egun hori, eta hainbat jarduera egiten dira liburutegietan nahiz ikastetxean.

Egun horren harira, ekitaldi, jardunaldi eta era askotako saioak antolatu dira liburutegietan.

Batzuk aipatzearren: gaur arratsaldean Arrasateko Bibliotekan, “Gaueko entziklopedia koxkorra” musika ikuskizun familiarra izango da 18:00etatik aurrera, 2 Princeses Barbudes taldearen eskutik.

Donostian, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Tabakalerak eta hiriko liburutegiak kudeatzen dituen Donostia Kulturak elkarrekin osatu dute egitaraua, "Liburutegiak komunitate sortzaile" lelopean. Hainbat jardunaldi egin dituzte aste honetan eta bihar familientzako pista-jokoa antolatu dute Oihulari Klown, Tira ta Floja eta Badut-ekin. 11:00etan Tabakaleran, 12:00etan Koldo Mitxelena Kulturunean eta 13:00etan Haur Liburutegi Nagusian. Horrez gain, Liburutegi Nagusian eta Kultur Etxeetako liburutegietan Ipuinaren Orduak, kontzertuak eta jarduera bereziak egingo dira. 

Eibarren, berriz, urriaren 24an 18:00etan, "Barrenak astintzen" kontaketa saioa eskainiko du Vanessa Gonzalezek. 

Karrantzako Liburutegian, ludoteka saio berezia eta arratsaldean antzerkia izango dira. 

Azpeitiko Udal Liburutegian aste osoan izan dituzte egun horri lotutako jarduerak: literatura solasaldia, Ipuin kontaketak Miriam Mendoza, Pello Añorga eta Jose Mari Karrererekin eta Irakurketa Errazeko saioa. Jarduera horiek, otordutxo batzuekin modu berezian gozatu eta gazitu dituzte.

Amorebieta-Etxanoko Liburutegian Oihana Etxegibel ipuin kontalariaren saioa izango dute. 

Jarduera gehiagoren berri izan nahi baduzu jarraitu Tweeter bidez #aupaliburutegia traola.  

Urtero idazle eta ilustratzaile bati eskatzen zaie egun horretarako kartel ofizialaren diseinua. Aurten Diego Arboleda idazleak (2014ko Haur Literaturako Sari Nazionala) eta Leticia Ruifernandez ilustratzaileak egin dute kartela. Aurtengo ekitaldi ofiziala Ciudad Realgo bibliotekan egingo da.