Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-10-15

Liburutegi ibiltariak eskolaz eskolako bidean dira

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin urtero antolatzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoak abian dira. Aurten, guztira, 60 bat eskola txikitara iritsiko dira liburuz betetako kutxak. Mailegu zerbitzu mugikorra eskaintzen dute kutxa hauek eta modu horretan eskola txikien liburutegi premiari erantzuten dio GALTZAGORRI Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Era berean, Galtzagorrik eta bi lurraldeetako Foru Aldundiek zerbitzu hau baliatzen dute irakurzaletasuna sustatzeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik hasita. Gipuzkoan 34 ikastetxek jasoko dute aurten kutxa ibiltaria eta 23 ikastetxek Bizkaian.

Aholkularitza zerbitzu ibiltaria

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoetan parte hartzen duten hainbat ikastetxetan haur kopurua hazi egin dela ikusirik, azken urteotan, horiei beste zerbitzu bat eskaintzen die Galtzagorrik: liburutegi gurpildunak eraman ordez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie. Hortaz, aholkularitza zerbitzu ibiltaria hazi egin diren baina oraindik ere txiki izaten jarraitzen duten eskola horietako irakasleei dago bideratuta. Bisita horretara, dinamizatzaileak esku-gurdi batean euskarazko haur literaturan aurreko urtean argitaratu diren liburuen artean gomendagarrienak eramaten ditu. Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die.

Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

Jardunaldietan izena emateko epea zabalik

Egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeei eta, oro har, Gipuzkoa eta Bizkaiko eskola txikiei zuzendutako jardunaldiak ere antolatzen ditu Galtzagorri Elkarteak urtero. Aurten “Ezinbesteko irakurketak eskoletan: irakurketa kanonikoak” goiburu hartuta egingo dira jardunaldiok. Helburua irakurzaletasuna sustatzea eta irakurle onak sortzea da, baina horretarako kalitatezko obrak eskaintzea ezinbestekoa dela uste du Galtzagorri Elkarteak. Hori dela eta, honako edukiak landuko dira jardunaldiotan:

- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ezinbesteko bibliografia.

- Liburuen aurkezpenak egiteko estrategiak.

- Liburuekin zer landu.

- Ilustrazioen baloreak.

Imanol Mercero Haur eta Gazte Literatur adituak emango du saioa Gipuzkoan, urriaren 14an. Aurten, Gipuzkoako Eskola Txikien Elkartearekin elkarlanean antolatu denez, Lasarteko Berritzegunean egingo da saioa, 17:00etatik 19:00etara. Izena eman nahi duenak web gune honetan egin beharko du.

Bizkaian, berriz, Oihana Etxegibelek emango ditu saioak. Bi saio egingo dira Markinan eta Galdakaon, urriaren 14an eta 21ean. Bertan izena emateko Galtzagorri Elkartera deitu behar da: 943471487. Edo idatzi galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera.

Saioen dinamika

Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltarien gurpildun kutxak, esan bezala, Gipuzkoako 34 eta Bizkaiko 23 eskola txikik jasoko dituzte aurten. Haur eta Gazte Literaturan jantzia den dinamizatzaile baten eskutik helduko dira Gipuzkoako eta Bizkaiko herrixketako ikastetxeetara, ikasturtea amaitu bitartean.

Kutxa hauetako bakoitzak 140 liburu inguru ditu. Gehienak GALTZAGORRIk urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegian hautatutako liburuak dira. Mintegi horretan, idazle, irakasle, liburuzain eta dinamizatzaile hainbat biltzen dira, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat argitaratutako guztia irakurtzeko. Ondoren, argitaratutako guztiari buruz azterketa bat egin, eta kalitatearen ikuspegitik interesgarrienak diren lanak egitasmoko liburu zerrendara bideratzen dira. Modu honetan, urtero liburuak berritzen direla bermatzen da. Egitasmo honen dinamizatzaileak motibazio literarioa sustatzeko hainbat saio eskainiko dizkie haurrei. Saio hauetan dramatizazioak, ipuin kontaketak, hitz jolasak, poemak oinarri dituzten dinamikak... landuko dira, besteak beste. Beti ere, kutxan eramango diren liburuei lotutakoak izango dira saioak. Modu horretan, liburu horietan arakatzeko teknikak eskainiko dizkie haurrei, beraien parte hartzea ere sustatuz.

Lehenengo dinamizazio saioaren ondoren, kutxak hilabete igaroko du ikastetxe bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurketaren ludikotasuna eta magia sustatu nahi da ekimen honekin.

Urteetako esperientziak erakusten du, gainera, leku bakoitzean erabilera modu ezberdinean antolatzen dela; ikastetxe batzuetan, irakasleek irakurtzen dizkiete eskola orduetan haurrei ipuintxoak; batzuk liburuak oinarri hartuta kantak, olerkiak eta antzerkiak ere prestatzen dituzte; eskola txikienetan erabat irekia egoten da kutxa eta ikasleek erabakitzen dute zer eta noiz irakurri, gogoaren arabera; beste batzuetan egunero finkatzen dute tarte bat kutxatik liburuak hartu eta irakurtzeko; batzuek irakurketak etxean egin eta hurrengo goizean komentatzen dituzte irakurritakoak; besteetan liburuzain lana bete izan dute haur helduenek…

Agendak eta kartelak opari

Urtero bezala, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek babesten duten ekimen honen baitan Irakurketa Agenda eta kartel berria sortu ditu GALTZAGORRIk. Urtero ilustratzaile ezberdin bati eskatzen zaio bata zein bestea ilustratzeko. Aurten Begoña Durruty ilustratzaile nafarrak egin ditu hauen marrazkiak. Agenda nahiz kartela Liburuen Altxorra eta Eskola Liburutegien aholkularitza zerbitzu ibiltaria jasotzen duten ikastetxeetan opari gisa jasoko dituzte. Nolanahi ere, Irakurketa Agenda hau nahiz aurreko urteetan beste hainbat euskal ilustratzailek sortutakoak Galtzagorriko web gunean ikusi eta eska daitezke. Besteak beste, Eider Eibar, Iraia Okina, Belen Lucas, Antton Olariaga, Mattin, Jokin Mitxelena, Aitziber Alonso edota Jon Zabaletak eginikoak topatuko dituzue helbide honetan: https://www.galtzagorri.eus/euskara/irakurketa-agenda.