Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-03-20

Liburuaren Eguneko postal lehiaketa

Apirilaren 2an, Hans Christian Andersenen (1805 – 1875) jaiotza gogoratuz Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak (OEPLIrekin batera) Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko neska-mutilei zuzendutako lehiaketa antolatu du: “Gonbidatu Hans Christian Andersen …-ra”.

Honakoa proposatzen dugu: postal bat egitea bizi garen herriko txoko bat, gune bat, monumenturen bat, eskulturaren bat, paisaiaren bat… irudikatuko duena, eta horrekin batera, testu labur bat idaztea berriz etortzeko gonbidapena eginez eta leku hori zergatik aukeratu dugun azalduz.

Izan ere, Hans Christian Andersenen oroitzapenetan jasota dagoenez, idazlea gure lurraldearekin maiteminduta zegoen, eta bisitan izan zen duela ehun urte baino gehiago. Baina garai hartan lurralde hau oraingoaren oso-oso desberdina zenez, orain nolakoa den erakustea da lehiaketaren xedea.

Lanak apirilaren 2a baino lehen bidali behar dira Galtzagorri Elkartera (Zemoria, 25 Behea. 20013 Donostia).

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak:

1. Lehenengoa: Gaia honakoa da: “Gonbidatu Hans Christian Andersen …-ra”. Lehen Hezkuntzako edo Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko neska-mutilek deialdia zabaldu duen ikastetxearen bitartez har dezakete parte.

2. Bigarrena: Testuak eta irudiak originalak izan behar dute, aurrez beste euskarri fisiko edo digitalen batean argitaratu gabeak. Horretarako honako baldintzak ezartzen dira:

• Original bakoitzak 15x10,5cm-ko irudia izan beharko du alde batean, eta bestean eskuz idatzitako testu labur bat, euskaraz, idazlea leku horretara gonbidatuz eta lekua zergatik hautatu dugun azalduz.

• Ikastetxeek, gehienez, maila bakoitzeko 3 lan hautatu beharko dituzte eta postaz bidali beharko dituzte apirilaren 2a baino lehen ondoko helbidera: Galtzagorri Elkartea. Zemoria 25, behea. 20013 Donostia.

• Lan guztietan egileen datuak agertuko dira: izen-abizenak, jaiotze data, maila, helbidea eta telefonoa. Baita ikastetxearen izena, helbidea eta telefonoa ere. 3. Hirugarrena: Kategoria bakoitzeko sari bana izango da:

• Lehen irakurleak (LH 1 eta 2)

• Irakurle aurreratuak (LH 3, 4 eta 5)

• Super-irakurleak (LH 6, DBH 1 eta 2) Sari bakoitza diploma eta liburu-sorta batekin osatuko da.

4. Laugarrena: epaimahaia Galtzagorri Elkarteko ordezkariekin osatuko da.

5. Bosgarrena: Irabazleak maiatzean emango dira jakitera.

6. Seigarrena: OEPLIk eta Galtzagorri Elkarteak lan horiek Haur eta Gazte Liburuaren Egunarekin lotutako erabilera eta euskarri desberdinetan erabil ditzake, baina horrek ez du lehiakideei ordainsaririk ematera behartuko. Sariak banatu ondoren ez dira lan originalak itzuliko.

7. Zazpigarrena: Lehiaketan parte hartzearekin parte hartzailea oinarriekin ados dagoela eta, bere horretan, onartzen dituela adierazten du.