Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-05-01

Liburuaren Eguna ekitaldiz gainezka

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat eta hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dira. Ohi bezala liburu-dendetan beherapenak egingo dira liburu-erosketetan eta liburutegiak jardueraz beteko dira.

Donostian, esaterako, Gipuzkoa Plazan goizeko 9:30etatik gaueko 21:00ak arte Liburu Azoka egingo da eta erosketetan beherapenak eta abantailak eskainiko dira.

Haurrei zuzendutako jarduerak egingo dira azoka horretan: 10:00etan gazteentzako Komiki tailer bat egingo da Ainara Aspiazu Axpiren eskutik eta 11:00etatik 12:00etara karikaturista talde bat egongo da plazan karikaturak egiten. 12:00etatik 12:30era, Donostia Kulturaren gunean, Shakti Olaizolak Irakurriz haurrentzako kontortsio ikuskizuna antzeztuko du. Arratsaldean, berriz, 16:30ean Ikusi Makusi Kontaidazu beste bat ipuin musikatuen ikuskizuna izango da. Ondoren, sari banaketa egingo da Donostiako Udal Liburutegietako haur irakurle onenen artean.

Bilbon ere, Udal Liburutegi Sareak jarduera bereziak antolatu ditu. Bidebarrietako, Begoñako, Deustuko, San Adriango, Zurbaranbarriko, San Inazioko eta Zorrotzako liburutegiek, helduei zuzendutako hitzaldiak eta umeei zuzendutako tailerrak, ipuin-kontalariak eta txotxongiloak (Egitaraua).

Horrez gain, Bilboko Arte Ederren Museoak irakurketa sustatzeko doako liburu-trukea antolatu du, hau da, bookcrossing-a. Apirilaren 22an, 23 arte-liburu utziko dituzte; gehienak erakusketetako katalogoak izango dira: 11 Bilbon (Kale Nagusia, Renferen Abandoko Geltokia, Azkuna Zentroa, Bilboko Arte Ederren Museoa (sarrera), Expo-Gela (San Frantzisko), Deustuko San Pedro plaza, Artxandako Funikularra, Campo Volantín...), 2 Algortan, 2 Basaurin, 2 Berangon, 2 Durangon, 2 Portugaleten eta 2 Oñatin (Gipuzkoa).

Gazteentzako Nanoipuin Lehiaketa

Gasteizen, Twitter eta Internet bidezko Gazteentzako II. Nanoipuin Lehiaketara lanak aurkezteko epea apirilaren 23an amaituko da.

Hiru kategoria daude:

A: DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak.

B: DBHko 3. mailatik 18 urtera arte.

C: 19 eta 30 urte bitarteko gazteak.

Kategoria bakoitzean bi sail izango dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Oinarriak web-orri honetan kontsulta daitezke:www.vitoria-gasteiz.org/nanorrelatos. Kategoria eta hizkuntza bakoitzeko sari hauek ezarri dira:

1. saria: diploma eta smartphone bat.

2. saria: diploma eta 50 euroko txartela liburu-denda baterako.

Herri guztietan ospatuko da

Baina, hirietan ez ezik, ia herri guztietan eta udal liburutegi gehienetan antolatu dituzte Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira lehiaketak, ikuskizunak, liburu-azokak eta ekitaldiak. Beraz, adi tokian tokiko egitarauei eta gozatu egunaz!