Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-08-28

Liburu-sorta ederra eraman dugu Donostia Unibertsitate Ospitalera

Galtzagorri Elkartean urtero pilatzen zaizkigun liburuei irteera duin eta probetxugarria eman nahian, Donostia Unibertsitate Ospitalera joan gara aurten. Bertan, eskolaren ondoan dagoen, ziber-gelan euskarazko haur literaturako liburu-sorta eder bat utzi dugu ikasturte berriarekin han dauden haurrek irakurketaz gehiago goza dezaten.

Ez da Galtzagorri Elkarteak hori egiten duen lehen aldia. Duela urte batzuk Txagorritxu Ospitalean ere utzi genuen beste liburu-sorta eder bat. Azken urteetan, ordea, liburu gehienak elkarteko bazkideen artean banatu ditugu liburu-azoka berezien bidez.

Aurten elkartearen 25. urtemuga dela eta, liburuak bazkideei ez ezik, irakurketa sustatzeko lan egiten duten beste elkarte edo erakunde batzuei ematea hobetsi dugu eta Donostia Unibertsitate Ospitalekoei egokitu zaie "saria". Marian Vazquez komunikazio arduradunak egin digu harrera eta esku-zabalik hartu gaituzte. Mila esker lan-talde guztiari Galtzagorri Elkartearen izenean.

Datorren ikasturtean bertan egonaldia egitera behartuta bazaude, gogoan izan, ziber-gelako apalak liburu interesgarriz beteta egongo direla.

Gozatu euskarazko haur literaturaz!