Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-04-30

Liburu-gomendio bat egunero

Apirilaren hondarrean gaur, hibrido batekin gatoz. Egunerokoa? Komikia? Oinutsik ibiltzea gustuko duen Olga dakarkigu Galtzagorriko Irakurketa Mintegiak egiten duen lanari esker. Hor doa 10 urtetik gorako haurrei bereziki zuzendutako gomendioa.

 

Olga eta jatorri misteriotsuko gauza kirasduna. Idazlea eta ilustratzailea: Elise Gravel. Itzultzailea: Usoa Wyssenbach Ibarra. Desclee, 2019.

Narrazio luze irudiduna da, hibrido bat, egunerokoaren eta komikiaren ezaugarriak ere badituena. Elementu testual eta paratestual guztiak irakurlea xarmatzeko erabiltzen dira, bai tipografia ugaritasuna, bai irudien erabilera, bai pertsonaien karakterizazioa eta gidoia. Marrazki bizidunak gogorarazten duten elementuak ditu. Bederatzi kapitulu ditu.

Olga neskatila txikia da, marmartia, mauka luzedun soinekoak gustuko ditu eta oinutsik ibiltzen da, galtzerdiak eta zapatak gorrotatzen dituelako. Animaliak pertsonak baino gehiago maite ditu eta batez ere, jakin-min handiko neska da, gauza guztiak aztertzea gustuko du eta zientzialaria izango da handitzean. Bere ohar koadernoan egunerokoak jasotzen ditu, egiten duena, aztertzen duena...

Oraingoan jatorri misteriotsuko izaki bat topatuko du, hamster eta txerrikume arteko animali bitxi bat, Mee. Bere ikerketen ondoren “olgamus irrigarrius” espezieko animalia dela ondorioztatuko du, eta hauxe izango da liburuko gai nagusia. Tonu umoretsu eta dibertigarrian Olgak lagun berria ezagutzeko egingo dituenak ikusiko ditugu ohar koadernoan: liburutegiko inbestigazio lana, janariaren inguruko ikerketa, zein espeziekoa ote den jakiteko azterketa... eta tarteka bestelako pertsonaia zelebre batzuk azalduko zaizkigu: Zart andereñoa, liburuzaina; Txipi, orrazkera eroa duen mutila; Adela eta Aiala, bizilagun gogaikarriak eta Saski-naski jauna, dendaria. Ilustrazioz josirik dago liburua, kolore txuri, beltz, gris eta gorritan.

Testua bezain garrantzitsuak dira marrazkiak, bertan detaileak, deskribapenak, egoerak, elkarrizketak... agertzen direlako. Tipografiek, letren tamainak, koloreek garrantzi handia dute oso testu bisuala osatzen dutelako, irakurketari arintasuna emanez eta, aldi berean, umorea erantsiz.