Badakit bakarrik janzten. Idazlea eta ilustratzailea: Elena Odriozola. Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide. Denonartean, 2019.
Saiatzearen artea
Mikel Ayerbe
Elena Odriozolak, ilustrazioak egiteaz gain, testua idazten duen lehendabiziko liburua da Badakit bakarrik janzten. 2019 amaieran Ediciones Modernas el Embudo argitaletxeak jatorrizko Ya sé vestirme sola kaleratu zuen eta, aldi berean, euskaraz argitaratu zuen Denonartean etxeak, Juan Kruz Igerabideren itzulpenarekin.
Oraindik irakurtzen ez dakiten aurreirakurleei edota irakurlegaiei zuzenduriko liburua izanik, ilustrazioek erabateko garrantzia bereganatzen dute eta liburuaren egitura zein materiala ere bereziak dira: orrialde lodiko edizioa da –kartoizkoa izatera iritsi gabe, apurtzeko beldurrik gabe txikienek bakarrik eskuetan lasai erabiltzeko eta manipulatzeko modukoa–. Gainera, bigarren eszenatik aurrera eskuineko orrialdea ireki, zabaldu eta bikoiztu egiten da, eszenografiari bitxikeria gehiago erantsiz.
Edukiari dagokionez, izenburuak aurreratzen duen instrukzio-liburu gisa ere har daiteke. Bakarrik janztearen ekintza gaia izanik, ekintza eta irudi guztiak zeregin horretara bideratuta daude. Eta itxurazko sinpletasun hori ezin hobeki islatzen dute neskato protagonistak eta gainerako elementu ezin soilagoek: armairua, pertxetan zintzilikaturiko hiru arropak (kuleroak, kamiseta eta soineko zuriak) eta zapatak (hauek ere zuriak). Eta eskuineko orrialdea hedatzean, txakurra eta aulkia, leihoaren bestaldean agerturiko hodeiak nahiz txoria, eta, azkenik, mahai gaineko pitxarreko lorea. Baldosa ederrak ahaztu gabe, noski.
Errepikapenean oinarrituriko sekuentzia-kateak datorrenaren aurreko iragarpenak egitea ahalbidetzen du, gerta daitekeenarekin jolastea adibidez, eta azaleko sinpletasunaren atzean uste baino konplexuagoa da lana, gutxirekin asko iradokitzea izaten baita askotan zailena. Instrukzio-liburua esan dut, eta hala dirudi, baina didaktismora lerratu beharrean haurren autonomia eta auto-ikasketaren aldeko aldarria nabarmendu nahi da eta, azken batean, mezu hori da nagusi –ez alferrik, jatorrizko alea El embudo argitaletxeko Que ya sé bildumako lehen alea da–. Izan ere, zer zentzu du norbaiti zer eta nola egin behar duen erakusteak edo irakasteak norberak ez badu bilatzen eta ikasten bere egiteko modua? Are gehiago, Becketten “Berriz saiatu. Berriz porrota. Porrot hobea” maxima bere egin eta hainbat saiakeren ostean bere kabuz jantziko da neskatoa, azaleko irudiak jada aurreratu bezala. Testuak planteaturiko galdera-erantzun bidezko egiturak ere horixe indartzen du, zalantza eta erabakia, duda eta berrespena. Bestalde, umore ukituak ere aipatzekoak dira, kuleroak burutik sartzen saiatzean edo zapatak belarrira hurbiltzen dituenean, kasu.
Alfabetizazio bisualarekin lotuta, Odriozolaren lanak gertakari nagusitik aldentzen diren bestelako xehetasunak ere eskaintzen ditu, ikuspuntua zorrozteko eta begiratzeko modu zoliaren alde beti ere. Aurrez, adibidez, Aplastamiento de las gotas (2008) zoragarri hartan, bikotearen eszena nagusiaren ondoan iradokitako txoria eta katuaren tirabira genuen istorio paralelo gisa; honakoan, txakurrak eta txoriak osatuko dute beste planoa. Eta ikusle/ irakurlearen parte hartzea ezinbestekoa da begien eta begiraden askotariko aukeren artean hautatzeko. Esate baterako, neskatoak txakurrari galdera egin eta lehendabizikoz begiratzen dion orrialde hirukoitzari xeheki erreparatuz gero, ez dakigu txakurra neskatoari begira ote dagoen, edota berari dagoen txoriari begira ote dagoen, aurreko orrialdean bezala… Eta ttaka, azkenean txakurrak ezusteko oparia emango dio neskatoari, honek (elipsian) armairua itxi eta elkarrekin abiatuko dira norabait.
Ilustrazio teknikak ere bereziak bezain eraginkorrak dira, Odriozola artistaren etxeko marka ere baden Sumi-e paperean akrilikoz marraztua baitira irudiak. Baina ez edonola: irudietako elementuen silueta-ereduak aurrez moztu eta artisau lan itzelaren ondoren, pintura akrilikoa behatzen bidez zabaltzen du ukituz ukitu siluetaren barrua koloreztatuz eta emaitza paregabea erdietsiz. Nolabait esateko, sasoi bateko ebakigarrien antzera baina ilustrazio teknikak egokituz, moztutako silueten barnealdea margoz jantziz eratzen baititu elementu guzti-guztiak. Eta arropa zuriak ingururik ez izateak eta neskatoren gorputza, aldiz, marra beltzez inguratuta egoteak sortzen duen kontrastea ere deigarria da, arropek hartzen duten protagonismoagatik.
Azkenik, lehen orrialdeko neskato biluziaren irudia ere nabarmentzekoa da. Urrun ikusten dugu Maurice Sendaken In the Night Kitchen (1970) argitaratu zuen garaia eta orduan sorturiko eztabaidak eta zentsurak ume protagonista erabat biluzik marraztu izanagatik; baina, zoritxarrez, ezin esan halako irudietara ohituegi gaudenik, ume batentzat ohikoena izan arren (pentsa, euskaraz 2014an, jatorrizkoa baino 45 urte beranduago argitaratu zuen zorionez Pamiela argitaletxeak Manu López Gasenik itzulita eta Gaueko sukaldean izenburupean). Edonola ere, biluztasunak eta janzteak badute bestelako irakurketa alegoriko bat liburu honetan: bakarrik janzten ikasi arren, ikasketa prozesuaren garrantzia erakusten baitigu Badakit bakarrik janzten-ek. Neskatoak ez dituelako soilik arropak janzten, eginahalaren esperientziaz eta ondorengo irakaspenez neskato jantzia bihurtzen da.
Eta zer hoberik, umeak apur batean bederen kalera atera daitezkeen egunotan, norbera bere kabuz jantzi eta paseo bat ematera ateratzea bikain lantzen duen liburu bat baino?