Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-04-20

Liburu-gomendio bat egunero

Amets Gaizto nire armairuan. Mercer Mayer. Pamiela, 2020 (bigarren edizioa)

Asun Agiriano

 

Zerk bihurtzen du ipuin bat klasiko? Arrazoi ugari egon daitezke, baina bat azpimarratuko nuke: kaleratu zenetik denbora asko igaro bada ere, gaurkotasunik ez duela galdu. Hots, berdin maite dugula lehen aldiz kaleratu zenetik hogei urte pasatxo igaro badira ere; beraz, berdin-berdin gomendatzen jarraitu dezakegula.

Beldurra da album ilustratu eder honen gaia, gai unibertsala inondik ere. Pandemia egoera honetan, derrigorrez etxean gelditu beharrak astindu gaituen honetan, lo-galdu batzuk eragin digun honetan,  izuak eta beldurrak uxatze aldera dator gaurko hautua.

Amets Gaizto deitzen da munstro ikaragarria eta itsusia. Izena haurrak jarri dio, munstroak gauero bisitatzen baitu. Halako batean, baina, mutikoak ikarari aurre egingo diola erabakitzen du, gaueroko egoera latz horri aurpegia emango diola. (Gurasoak ez dira liburuan agertzen,aizu!. Egun, haur literaturan, helduen presentzia askoz ere nabariagoa da, babes handiagoa dagoen seinale)

Alabaina, Amets Gaizto antiheroia da. Ez du ohiko munstroaren arketipoa edo moldea betetzen. Gauza handi eta beldurgarri hori bat-batean ahul agertzen zaigu, babesa eskatzen du eta salto batean haurraren ohera sartzen da, epelera,eta poz-pozik jartzen da konpainia duelako.

Beldurrak desagertzeko umorea behar du eta lagunen arrimuan bada errazago uxatuko dugu. Nork bere burua menderatzea da gakoa, “bestelakotasuna” onartzea. Obra hau, zinez eta minez, “terapeutikoa” da. Liburuak testu oso gutxi du, zehatza eta indartsua da. Koloreak kasik bi baino ez, berdea da Amets Gaizto pertsonaiaren kolorea eta laranja haurraren eremua, ohea, pijama, baita haurra bera ere. Bitxia da Amets Gaizto, pertsonaia biak adiskidetzen direnean, laranja bihurtzen dela. Liburu guztian kolorearen tonuak vintage, antzinako ukitua du, xarma berezia, sotil eta fin. Amaiera mundiala du, ez dizu kilikarik eragiten jakiteak?