Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-04-17

Liburu-gomendio bat egunero

Gaur album ilustratu batekin gatoz. Album honek, zehazki, zain egon beharrean norberak bere istorioa, neurri batean behintzat, asmatu dezakeela akordatzen lagunduko digu. Ez da gutxi! 6 urtetik gorako gomendioa dakar, baina album honek ez dauka adinik. 

Istorio bat. Idazlea eta ilustratzailea: Marianna Coppo. Itzultzailea: Fernando Rey Escalera. Pamiela-Kalandraka,  2018. 

Album ilustratu honetan istorio baten zain dauden pertsonaiak agertzen dira, gertatzen zen bezala Samuel Becketten Godoten esperoan, edota Luigi Pirandelloren Sei pertsonaia autore bila antzezlanetan. Tonua zalantzakorra eta baikorra da, aldi berean, pertsonaiaren arabera. Animalia itxurako bost pertsonaia orrialde zuri batean elkartu dira, eta istorioaren zain daude. Hauetako bat jolasean jartzen da, asperrak eraginda, eta nahi gabe, kontakizuna abiatzen du. Poliki-poliki guztiak batzen dira istoriora. Ilustrazio sinpleak eta ondo pentsatuak ditu, testuak kontatzen ez duena kontatzen dute. Irudimen handikoak, aldakorrak eta jolasari leku egiten dioten ilustrazioak dira. Lehen irakurleentzat oso egokia da albuma, hizki larriz idatzitako testu gutxikoa.