Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-04-15

Liburu-gomendio bat egunero

Tigre batekin bizi. Idazlea: Harkaitz Cano Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga. Elkar, 2017.

Asun Agiriano

 

Gazte-helduaren literaturaren mugak lausoak dira: badira gazte-bilduma zehatz batean kokatzen diren eleberri laburrak eta, irakurri ondoren, gehiago helduentzat direla iruditzen zaizkigunak. Horrela gertatu zait, adibidez, Jamaica Kincaid-en Lucy liburuarekin, Desclée de Brouweren Ipotxak eta erraldoiak bilduman kokatuta dagoena garbi ez dudan arrazoiengatik. Berriz, helduentzat bezala aurkeztu zen Tigre batekin bizi poema grafikoa gazteentzat oso egokia dela iruditzen zait.

Esanahia irekiak dituzten kontakizunek erakartzen naute eta horixe bera egitea proposatzen dizuet, tigrearen metafora iradokitzailearekin jolastea, alegia. Zer ote da tigrea? Liburuaren lehen esaldia hain da indartsua igarkizunaren antza hartuko diozuela:

"Alferrik da hona nola heldu zen galdetzea... "

Zer pentsa ematen du gainera garai zail eta ilun hauetan, etxean konfinatuta bizi garen egunotan.

Liburua sailkaezina da, ez bakarrik gazte-helduen eremu zabalean eroso bizi delako, baita genero desberdinetan mugitzen delako ere. Poema gisa jaio zen, baina, estiloa oso narratiboa izanik, ipuin baten arrastoa erraz antzeman diezaiokegu.

Ilustrazioei erreparatuta, Maite Gurrutxagaren tigrea ez dugu behin ere ikusiko, baina haren zantzuak orrialde guztietan daude, tigreak sortutako urradurak errezeletan edo egin dituen atzaparkaden odola etxeko bizilagunen gorputzetan ikusiko ditugu. Marrazkilari trebearen paletan bi kolore nabarmentzen dira: gorria eta berdea. Aurreko batean berdea herstura-kolorea zela azpimarratu zidan Gurrutxagak. Hainbeste maite dudan berde hori, estutasunaren erakusgarri bilakatuta. Tigreak bizitzan pisu handia hartu duen zerbait irudikatzen du, egunotan oso presente duguna.

Adi, irakurle! Liburu honek egonezina sortuko dizu, kezka edota agian larritasuna. Bi egileek bikain lortu dute irakurlearen zirrara eragitea. Nahi duzu gehiago jakin? Hemen duzu poemaren testua idazlearen blogean eta hemen patxadaz gozatzeko marrazkilariaren lan zoragarriak.