Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-04-03

Liburu-gomendio bat egunero

Gaur ostirala da eta hitzekin jolastuz barre egiteko liburu baten gomendioarekin gatoz. Umorea eta jolasa ezinbesteko baititugu egunotan.

Zupankapaloak. Idazlea: Pello Añorga. Ilustratzailea: Jokin Mitxelena. denonartean, 2018.

Obra honek ez dauka adinik. Haur sentitzen diren helduentzat edo heldu sentitzen diren haurrentzat dela diote egileek. Añorgak eta Mitxelenak 1999an kaleratu zuten lehenengoz, autoedizioan. 2018an denonartean argitaletxeak obra honen aldeko apustua egin, eta edizio eder batean argitaratu zuen, tapak gogor, txiki, hori.

Zer da liburu hau? Hitzak errimez josi, eta irudiak lagun, umorez betetako multzoak osatzen dituzte egileek orriz orri. Edward Learren Nonsense-en liburua ekartzen dute gogora, konbinazio absurduak egiten dituzte, jolastiak, barrea eragiten ez badute gutxienez irribarrea eragiten dutenak. Burua nagi duen gizonak, esate baterako, zaharra bera, makulu batean bermatzen du burua Mitxelenaren marrazkian; baina, burua nagi izanda ipurdia argi duen agurea denez gero, marrazkian galtzetatik, ipurdi partean, bonbilla bat ateratzen zaio.

Euskal haur eta gazte literaturaren sisteman salbuespena da liburu honen argitalpena, arriskuz betetako liburu gisa ikus daitekeena, baina, altxor txikiz betetako obra da.