Gaur album ilustratu batekin gatoz. Lore Agirrezabalek idatzi du bizilagunak ardatz dituen albumari buruzko iruzkina.
Arraroa. Idazlea: Ainara Azpiazu “Axpi”. Ilustratzailea: Paula Estevez. Pamiela, 2017.
Etxean sartuta hirugarren astea daramagun honetan, ezin egokiago dator liburu honen irakurketa. Bizilagunak inoiz baino gertuago sentitzen ditugu, baina ez ditugu leihoan edo balkoian baino ikusten. Eta nola bizi dira etxe barruan? Zer gertatzen da lau horma horien atzean?
Ainara Azpiazu “Axpi”k eta Paula Estevezek argitaratutako liburu honen bidez hainbat bizilagunen etxeetara sartuko gara guk irudikatzen duguna eta errealitatea ez datozela bat ohartzeko, arraroak iruditzen zaizkigun horiek hain bitxiak ere ez direla ikusteko.
Lehen orrialdean, protagonista bere leihotik beheko bizilagunaren esekitokiari begira ikus daiteke, hark ileorde horia zintzilikatzea arraro egiten zaiola pentsatuz. Jarraian, bere amari arrotzagoa iruditzen zaiona aipatzen du. Ondoren, bere bizilagunek bitxitzat jotzen dituztenak kontatzen ditu, banan-banan. Hor ikusten da norberarentzat arraroa beti dela bestea. Baina amaieran, bizilagun xelebre guztiak ezagutu ostean, seguru, irakurleari arraroaren eta normalaren arteko muga hasieran baino lausoagoa irudituko zaiola.
Liburu honek gure bizilagunei buruz hitz egiteko gaia eman dezake, arrarotzat beti bestea jotzen dugula ikusteko eta geu ere, haien iritziz, arraro izan gaitezkeela onartzeko abagune polita.
Kontakizun honetan ilustratzailearen eskuak indar handia du: bi orrialdetara egindako ilustrazioak dira, kolore bizikoak eta iradokitzaileak. Testua, berriz, zuzena, laburra, garbia eta zehatza da. Ez da ikasgaietan galtzen den liburua eta gustura hartzen da. Baina zer pentsa eman dezake. Izan ere, arrotza zaiguna beti izan ohi da bitxia, baina zenbat eta gehiago gerturatu eta ezagutu, orduan eta “normalagoa” egiten zaigu, ezta? Bada, ea egun hauek ere ingurukoak horrela ikusten hasten laguntzen diguten.