Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-03-16

Liburu-gomendio bat egunero

Gaurko gomendioa Juan Kruz Igerabidek iaz egindako Ezinbestekoak zerrendatik atera dugu.

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan. Idazlea: Anjel Lertxundi. Marrazkiak: Antton Olariaga. Argitaletxea: Elkar, 2002.

Igerabidek egindako zerrendan Lertxundiren obra hau sei urtetik gorako haurrentzat gomendatzen du idazleak.

Lertxundik honakoa dio liburuaren hitzaurrean:

"Gure altxor tradizionalean nonahi dauzkagu mundu aberats baten genero dramatikoen zantzuak: albadak, deitore-kantuak, xaribariak, kukurrukuak, eztei- eta eske-kantak, fatrasiak, itzal-antzerkiak, hatz-jokoak, ixipuak, marijesiak, soldadu-kantuak...

Antzerkia eta errepresentazioak usuak ziren, oso normalak, eguneroko bizitzan. Itzal-antzerkitxo eta errepresentazio dramatiko eder askoak jokatzen zituzten sukaldeetan eta plazetan (batzuk jasota daude antologia honetan); hitzaren bidez egiten zen transmisioa, hitzak betetzen zuen munduaren errepresentazioa, hitza zen iragana, oraina eta etorkizuna elkarrizketa lotuan jartzen zituen baliabide nagusi eta bakarra. Transmisioari esker altxor kultural beraren jabe ziren helduen mundua eta haurrena, ez zegoen luizirik bataren eta bestearen artean".

Antologiak jasotzen duen pieza bat:

Arre, arre, mandako

Arre, arre, mandako,

bihar Iruñerako,

etzi Tafallarako.

-Handik zer ekarriko?

-Zapata eta gerriko.

-Haiek zeinentzako?

-Neska zintzoarentzako.

Bihar beste gomendio bat! Bien bitartean, jolastu eta jolastu!