Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-06-29

Liburu-gomendio bat astero

Udako irakurgai baten gomendioarekin gatoz, eleberri bat 10 urtetik gorakoentzat. Gozatu!

Saharako itsasoa. Idazlea: Lur Gallastegi. Ilustratzailea: Aritz Eiguren. Elkar, 2017

Nobela honek Haizearen uda kontatzen digu. Momentu berezia bizi du Haizeak. Gurasoak ez dira ondo moldatzen, eta uda elkarrengandik banaturik pasatuko dute. Haizea izeba Eneritzekin geldituko da eta honek Saharako neskatila bat ekarriko du uda berekin pasatzera.

Bi nesken arteko harremana, haien egoera ezberdinak eta abenturatxoak irakurriko ditugu liburu honetan. Hainbat gai agertzen dira kontakizunean: Saharako egoera, gurasoen harreman arazoak eta banaketaren “mamua”, emakume buruaski eta bidaiari “modernoaren” eredua (izeba), sentimenduak, nesken futbola... Tonua gozoa da, hala ere.

Hemeretzi kapitulutan antolaturik dago liburua. Bi ataletik behin orrialde osoko ilustrazio bat eskaintzen zaigu, irakurtzen ari garen pasartea irudikatzen duena. Kolore apalak dira nagusi komiki eitea duten ilustrazioetan. IX. Mikel Zarate Haur Literatura Saria eskuratu zuen.