Hitza eta hotsa, haur-poesiarekin gatoz!
Pupuan trapua. Idazlea: Xabier Olaso. Marrazkiak: Agurtzane Villate. Pamiela, 2004.
84 poesia dira, bi ataletan banatuta: Esna Irauteko poemak eta Lotarako kanta-kontuak. Xabier Olasok 2005eko Euskadi Literatura Saria jaso zuen haur- eta gazte-literaturaren atalean. Tradiziotik eta herri literaturatik edaten duen liburua da. Hitz-jokoak, haikuak, trufak, umorea eta haurrei zuzenean barrea eragiten dieten kontutxoak ere erabiltzen ditu Olasok liburua osatzen duten poemetan. Haurrei ahots goran irakurtzeko edota haurrek ahots goran irakur ditzaten aproposak dira liburua eskuetan lotarako prestatzeko, jolasean aritzeko edota barre egiteko.
Liburuari izenburua ematen dion poema uzten dizuegu, gogoa piztu eta apaletatik atera edota haren bila liburutegira zein liburu-denda txikira joan zaitezten.
PUPUAN TRAPUA
Urratu zait belauna,
odol ttanta bat txirrist,
negarraren negarrez
muki-kandelak zintzilik.
Bat, bi hiru
lau eta bost
bost xentimoko pupua
sei, zazpi, zortzi
bederatzi eta hamar
hamar xentimoko trapuaz
sendatu zait niri.
Harro nago nire pupuaz
eta harroagoa nire trapuaz.