Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-05-31

Liburu-gomendio bat astero

Piztia maiteak. Egia harrigarriak. Egilea: Kate Gardner. Harperkids, 2019.

Piztia maiteak. Egia harrigarriak lanak, oso modu sinplean, hainbat animalia aurkezten dizkigu definitzen dituen ezaugarri batez lagunduta. Zoritxarrez, kasu askotan, animaliak «kondenatu» ere egiten ditu (basatiak, beldurgarriak, likitsak, itsusiak), jarraian animalia horrenak ere badiren beste alderdi batzuk eskaintzeko, hain zuzen, errealitate osoago eta positiboago bat erakusten digutenak. Izan ere, izaki bizidun bat ezin da definitu ezaugarri bakar baten bidez, eta zenbaitetan itsustasunaren azpian alderdi zoragarriak ere aurki daitezke.

Liburu honek naturaz, bizitzaz eta, sakonago joanez gero, geure buruaz dugun pertzepzioa aldatzeko aukera emango digu. Etiketek ez gaituztelako definitzen, mundua konplexua delako eta haurrek ingurunea ñabardura guztiekin hautemateko gaitasun izugarria dutelako. Agian, Piztia maiteak haurrenak baino, helduonak diren aurrejuzguak antzemateko amarrua da.

Ilustrazioei dagokienez, ikatz-ziriez eta argazki-ukituez ondu ditu egileak, naturarekiko sentsibilitate eta miresmen handia erakusten dute, baita animalien adierazkortasuna behatzeko gaitasuna ere.