Harri eltzekaria. Idazlea eta ilustratzailea: Anaïs Vaugelade. itzultailea: Pantxo Mitxelena, J. L. Davanteren gainbegiradarekin. Ikas Pedagogia Zerbitzuak, 2009.
Herri ipuin batean oinarritzen den album ilustratua da. Bertan agertzen zaigu otso malenkoniatsu bat, negu gorrian bere harrizko eltzekaria egiteko etxe baten bila dabilena. Aspaldian galdu zituen bere hortzak otsoak eta umil agertzen da banan-banan bere eltzea betetzeko gaiak ematen dizkioten animalien aurrera. Orriz orri tentsioa agertzen da, hasieratik bukaera bitartean. Egiaz ote da otsoa hain otzan? Animalia guztiek ekarritako gaiez eta otsoaren harriz, sekulako afari gozoa prestatu dute, baita umore onean dastatu ere. Hurrengo egunean, otsoak berriz ere heldu dio bide elurtuari bakar-bakarrik, beste eltzekari bat, beste supazter bat…
Ilustrazioek eramaten dute kontaketaren haria. Eszena soilduak erakusten dizkigute, hondoan kolore mantxa bat, baldosa gorrietako zorua eta pertsonaiak. Hauek hartzen dute kontakizun osoaren espresioa eta indarra. Haiek erakusten digute, aldi berean, hortzik gabeko otsoarekiko solidaritatea eta haren irudiaren aurreko asaldadura.