Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-03-15

Liburu-gomendio bat astero

Burnizko potoa. Idazlea: Antton Kazabon. Ilustrazioa: Jokin Mitxelena. Dokumentazioa: Antton Mendizabal. Denonartean, 2020.

Asun Agiriano

Hiru sortzaile oiartzuar Artikutzako trenaren historia aurkezteko. Goizueta eta Oiartzungo udalak bultzatutako eta Donostiako Udalak babestutako argitalpen honen xedea trenaren memoriaren transmisioan urrats bat ematea da, hau da, Goizuetako Elamako haranetik Errenteriara zihoan trenaren ibilbidea jasotzen du istorioak.

Artikutza eskualdea nekazaritza eta abeltzaintza, zurgintza, ikazkintza eta burdin meatzaritzako jardueren egoitza izan da antzinatik. Minerala garraiatzen zen trenbidea estua zen eta hori erakusten digu Jokin Mitxelenaren lan zoragarriak. Paraje eder hori nolakoa zen antzematen da, irudiak fidelak izango balira bezala: pagadiak eta erreka, baserriz eta animaliez beteta.

Protagonista Joxantonio mutikoa da, XIX. mendearen amaieran gaude, gizon bat hilzorian Artikutzako Kamio baserrira iristen denean, sekulako zauri latza darama bularrean. Meatzarien artean, azkar zabaldu da gizon hori bidelapurra dela. Burnizko potoa darama zintzilik eta ondo eusten dio gainera, inork ez osteko moduan. Zaurien larritasuna ikusita, familiak semea sendagilearen bila bidaltzen du, handik hogei bat kilometrora, Altzibarrera, Errenteriatik gertu. Gazteak Artikutzako meatzeko tren zaharra erabili beharko du metalezko txirbil-bagoneten ondoan. Haurrentzat bidaia iniziatikoa izango da eta baita garai hartako bizimodua kontatzeko aitzakia ere.

Antton Mendizabalen dokumentazioaren lana anekdota, istorio bitxi eta bestelako pasadizo bihurtu dira, Mitxelenak marrazkiak sortu eta Kazabonek literatura egokitzapenarekin ausartu zen. Lan etnografiko eta didaktiko baliotsu honetan komiki formatua aukeratu izana garrantzitsua da, besteak beste, erritmo bizia ematen diolako ibilbideari, trena motela izan arren irakurketa arina egingo zaigu eta bukaeran galdera batekin amaitzen da, lehenengo komiki honek segida izango duenaren seinale. Komikiaren ohiko egitura jarraitzen du.

Liburu honek ondo frogatzen duen moduan, haur literatura baliabide ederra da herriko ondarearen transmisioa helarazteko, herriko kultura eta ondarea balioesteko.