Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-03-08

Liburu-gomendio bat astero

Baginen: Euskal Herriko historia emakumeen bitartez. Testuak: Cira Crespo. Ilustratzailea: Elena Ciordia Txalaparta, 2020.

Asun Agiriano

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dugula aitzakia hartuta, gazte zein helduentzat aproposa den irakurketa interesgarri bat dakarkizuegu. Txalaparta argitaletxeak iaz kaleratu zuen liburu ilustratua dugu hizpide, non berrogeita hamar emakume eta kolektibo baino gehiago aurkezten diren. Emakumeok bizirik ez dauden arren, oso liburu bizia eta guztiz gomendagarria da.

Historia eta dibulgazioa uztartzen dituen lan honetan egilea tonu literarioaz baliatzen da kontakizunari heltzeko. Kronologikoki, historiaurretik gure garaira arte, imajinario komun bat eraikitzeko oinarriak ezartzen ditu: baroisak, musikariak, idazleak, bertsolariak, kontrabandistak, itsasoko edo eraikuntzako langileak, historiaren ertzetatik igaro ziren emakume alargunak, ezkongabeak edo amak… Denek zer izan ginen eta zer izan nahi dugun galdetzera garamatzate.

Liburu hau tresna bat da, kontzientzia eragiteko pizgarria da, zabaltzea merezi duena. Bizitza desberdinak batzeko apustuan historia birplanteatzeko gonbidapena da. Zerrenda luzea da eta ezinezkoa litzateke liburuan jasotzen direnak hemen aipatzea; nik behintzat aitortzen dut asko ezezagunak nituela. Cira Crespo historialariaren dokumentazio lan zorrotzari esker badugu, bai, non eta nor aukeratu.

Elena Ciordia ilustratzaileak marra fineko eta kolore leuneko akuarelen bidez, sotiltasuna eta indarra ematen dizkie euskal historiako emakume handi hauen irudiei. Bereziki hunkigarria egin zait Asun Balzolaren erretratua:

"Eta nork ez ote du inoiz neskatila lazoduna izateari utzi eta beste norbait bihurtu nahi izan? Nork ez dio ispiluari begiratu beste pertsona baten bila?"

Marrazkietan Munia ilargiari begira eta Indiana Jones-en zamarra ikus daitezke, baita trikua Balzolaren lepoa laztantzen ere. Liburuko emakumeak kementsuak izan ziren denak, bizitzaren zailtasunen gainetik sekulako lorpenak eraikitzeko gaitasuna izan zutenak. Eta haien atzetik etorri direnak eta etorriko direnak...