Azken garaipena. Idazlea: Iban Zaldua. Marrazkilaria: Julen Ribas. Ikastolen Elkartea, 2011.
Miriam Luki
Komiki batekin gatoz. Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkarian atalka publikatu zuten komikia da, 2008tik 2010era bitartean. Gerora, 2011ko udazkenean liburu gisa eman zuten eta 2012ko Euskadi Saria irabazi zuen haur- eta gazte-literatura atalean; obra hau IBBY nazioarteko erakundeko ohorezko zerrendan ere egon zen eta haren bitartez gure mugetatik harago ezagutzera eman zen.
Zer gertatuko zatekeen Hitlerren ejerzitoak bigarren mundu gerra irabazi izan balu? Abiapuntu horretan jartzen gaituzte komikiaren lehen orrialdeek, zuri-beltzean emandako flash-backak. Koloretan datoz jada istorioaren espazioa –Germania delakoa– eta denbora –2052. urteko etorkizuna–. Etorkizunean kokatutako kontakizunak zientzia-fikziotik edaten du eta genero beltzetik ere badu. Izan ere, polizia kriminaleko teniente bat –emakumea, erretzailea eta ile horia– da protagonista. Istorioa, nola ez, zerraldo baten agerpenarekin hasten da. Ordurako marrazkilariak ere distopia batean gaudela erakutsi digu, auto futuristak, hutsik dauden kaleak eta 2052an eskuarekin egindako aspaldiko keinu faxista, besteak beste. Gizakiek, gainera, ez dute zilborrik.
Haria korapiloz betetzen hasten da eta bi hari narratiboak –hitzezkoa eta irudizkoa– ezin hobeto ezkontzen dira eginkizun horretan. Korapiloak ez ditugu hemen askatuko, orriz orri lotu eta askatzen doazelako komikian. Ezaugarri horrek berak komikia eskuetan hartzen duzunetik amaierara arte etenik gabe irakurtzeko gogoa sortzen du. Bidean ez galdu Ribasen marrazki "klasikoen" xehetasunak –eskuen keinuak, arkitektura-elementuen ezaugarriak, koloreak ere bai– eta ez galdu hitz bat ere, irudiekin eta hitzekin bikain osatuz baitoa puzzlea, hainbesteraino zu zeu, irakurle, jar zaitezkeela Sigrid Frisch tenientearen azalean.
Orain urte batzuk Zalduak eta Ribasek sortutako obra distopikoaren klabeak ez ziren egungo "distopia" honen antzekoak itxuran, baina komikiak zer hausnartua ematen du –botereaz, besteak beste– eta hausnarketa horretan murgiltzean gaur egungo egoeraren inguruan pentsatzeko aukera ere badago, nahiz eta "gure" distopian botere-guneak beste batzuk diren. Egunotako albiste bat: Frantziako Senatuak, erremolatxa-azukrearen lobbyak –multinazional jakin batzuk daude atzean– bultzatutako ekimenari onespena eman dio eta erleak akabatzen dituzten pestizidak erabili ahalko dira berriro ere.
Irakurri ez baduzu, irakurri Azken garaipena komikia, ez zaizu damutuko! Eta gazte bat inguruan baduzu, emaiozu komiki hau, eta hori, eta beste hori ere bai!