Bazterrekoa izatearen alde onak. Idazlea: Stephen Chbosky. Alai, 2020 [1999].
Charlie 15 urteko mutil bakartia da. Institutura joateko unea iritsi da eta barrura begira bizitzea ohitua den mutila kanpora ateratzen hasiko da ezinbestean. Hizkuntzako irakaslea izango da egingo duen lehenengo laguna eta Charlie nerabearen literatura-sena itzartu nahi izango duena, haren bitartez gutun bidez emango du bere barneko munduaren berri. Litekeena da egungo nerabeentzat gutunen kontua oso ohikoa ez izatea, hala ere, litekeena da batek baino gehiagok eguneroko ezkuturen bat idaztea, sekula aitortuko ez balu ere. Charlieren mamuak, beldurrak, bakardadea, ulergaitza egiten zaiona eta beste abar luzea batekin topo egingo du irakurleak idazten dituen gutunetan.
Charlieren bizitza aldatzen hasten da, zenbait saiakera egin ondoren, lortuko du institutuan lagun berriak egitea, bera baino nagusiagoak direnak, eta haien bidez bere lehenengo esperientziak izango ditu alkoholarekin, drogekin eta sexuarekin ere bai. Batzuetan gaiak eta kontaketa bera ere garratzak eta gordinak gerta daitezke, horren neurria ematen du argitaratu eta Estatu Batuetako zenbait tokitan debekatutako liburua izan zela.
Chbosky berak liburua oinarri duen filma egin zuen 2012an. Guk, halere, liburutik has zaitezten gomendatzen dizuegu. Eta gomendioa zuei, nerabeei egiten dizuegu, baina zuei, helduoi, ere bai; izan ere, geure nerabezaroa ahazteko joera dugu, batez ere, nerabe bat gertu dugunean.