Iristear da 2021eko Liburu Gaztea BookTrailer lehiaketaren finala. Azken txanpan gara! Esan genuen bezala, maiatzaren 21ean, goizeko 11:00etan Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan ospatuko da sari banaketa ekitaldia.
Joan den asteetan eman genuen epaimahaiak hautatutako finalisten berri. DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, HIRU EGUNAK eta ABDUZKAN (Herri Ametsa ikastolako) eta Kalekoak (Axular Lizeoko) taldeek aurkeztutako lanak sailkatu dira. DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, MMA eta BAMA taldeak (Axular Lizeotik) eta Irabazleak taldeak (Jesuitinas ikastetxetik) iritsi dira finalera. Maiatzaren 21ean jakingo dugu nor den kategoria bakoitzeko irabazlea. Lau lagunentzako abentura txangoa eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko 200 euroko bonua daude jokoan. Nor izango ote da aurtengo booktrailer zuzendari eta interprete garailea? Egin apustu!
Bestalde, baditugu dagoeneko Publikoaren Saria irabazi dutenen bi booktrailerren izenak. Batetik, ikastetxeen kategorian, Arantzazuko Ama BHI ikastetxeko Squad C taldea dugu, Beti Iparralderantz liburuarekin. Bestetik, norbanakoen kategorian, Alex Ugartebururen Chipiroiak booktrailerra dugu garaile, Kandinskyren tradizioa liburuaren lanarekin.
Aurrerago aurreratu genuen bezala, aurtengo sari banaketa ekitaldia berezia izango da. Covid 19a eta segurtasun neurriak direla eta, finalera iritsi diren taldeen ikasgela guztiak gonbidatzea ezinezkoa izan zaigu. Horregatik, ekitaldira soilik finalera iritsi diren taldeak (bideoa egin dutenak) eta publikoaren saria irabazi dutenak bertaratu ahal izango dira. Hala ere, gainerako ikaskideak eta lehiaketara aurkeztu zareten gainerako ikastetxeek sari banaketa ekitaldia sarean zehar jarraitzeko aukera iznago duzue, zuzen zuzenean. Izan ere, streaming bidez ikusteko zerbitzua jarriko dugu martxan.
Hemen sakatuta Youtuben sartu eta stremingean sari banaketa ikusi ahal izango duzue! Ez galdu Goya sarien parekoa izango den gure sari banaketa ekitaldia! Gogoratu, maiatzaren 21ean, goizeko 11:00tan!
Era berean, sari banaketa ekitaldian aurkeztuko ditugu zeintzuk izango diren hurrengo urterako hautatu diren irakurgaiak. Beraz, adi ibili eta laster emango dugu hurrengo urteko edizioaren inguruko argibide gehiago.