Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-06-10

Liburu Gaztea sari-banaketa ekitaldia

Ekainaren 11n, goizeko 11:00etan, 2013-2014 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa ko sari-banaketa ekitaldia egingo da Donostian, Easo kaleko 43.enean, Donostia 2016ren egoitzako aretoan. Bertan izango dira Galtzagorri Elkarteko presidente Iñaki Markotegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean.

Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izango dira ekitaldian. Besteak beste, Teresa Calo aktore eta idazlea (Marta ispiluaren aurrean), Maite Gurrutxaga ilustratzailea (Maitagarria eta desioa) eta Inazio Mujika editorea (Alberdania ).

Guztira, sei sari banatuko dira; hiruna kategoria bakoitzeko: Ikastetxeen kategorian eta Norbanakoen kategorian. Sariak banatu ahala irabazleen book trailerrak ikusteko aukera ere izango da. Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatuko du.

Sariak

Hondarribiko Talaia ikastetxeko Animals Taldea izan da garaile, 104 botorekin, Marta ispiluaren aurrean liburuari buruzko lanarekin. Lau lagunentzako parapente hegaldia irabazi dute.

Bigarren saria Santurtzira joan da San Jose de Calasanz ikastetxeko Olagarroak taldearentzat, 78 botorekin, Ezer ez liburuari buruzko lanarekin. Hauek 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskoak erosteko, eta Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoen liburu-sorta bat.

Hirugarren saria Donostiako Herri Ametsa ikastolako Pin Pan Pun taldearentzat izan da, 61 botorekin, Marta ispiluaren aurrean liburuari buruzkoa da beren book trailerra. Hauek ere 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskoak erosteko, eta Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoen liburu-sorta bat.

Norbanakoen kategorian, berriz, Urnietako AJUNA taldeak irabazi du, 50 botorekin. Saguak eta gizonak liburuari buruzko book trailerra da eurena. Hauen saria e-irakurgailua da.

Bigarren izan da Arrasateko Zaldi Eroa taldearen lana (Maitagarria eta desioa liburuaz) 36 botorekin eta hirugarren Lasarteko Txoriak taldearena (Ezer ez liburuaz)20 botorekin. Hauek 100 euroko bono bana jasoko dute liburu eta diskoetan gastatzeko.

Bozketan parte hartu dutenen artean zozkatutako e-irakurgailua, berriz, Eneko Ramosi egokitu zaio.