Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-09-17

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa hastera doa

Irailaren 20an amaituko da 2019-2020 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan Ikastetxeen kategorian izena emateko epea.

Ikasturte honetan ere parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako liburu bat irakurri eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2020ko martxoaren 6a baino lehen. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea. Norbanakoen kategorian nahikoa da book trailerra azken eguna baino lehen bidaltzearekin. Irakaslea bazara, animatu zure ikasleak parte hartzera. Gaztea bazara, animatu zu zeu! Irakurri, sakatu rec eta parte hartu!

 

Lehiaketak 8. ekitaldia du jada eta berritasunak dakartza. Irakasleentzat Book Trailer Lantegia prestatu dugu eta parte hartzeko izena ematen duten ikastetxeetako irakasleei eskainiko diegu. Prestakuntza saio praktikoa egingo da urrian: Book Trailer Lantegia. Saioan book trailerrak egiteko edizio teknikan trebatzeko aukera izango dute irakasleek. Lantegiotan, bidenabar, book trailerrak egiteko baliagarria den Stop Motion teknika landuko dute.

Beste berritasuna Bideo Tutoriala da, lehiaketaren inguruko Bideo Tutoriala sortu dugu, non book trailer bat nola egin eta lehiaketan parte hartzeko giltzak ematen diren. Dagoeneko ikusgai da gure webgunean.

Liburu Gaztea Batzordeak aukeratu ditu irakurgaiak, iaz euskaraz argitaratu zen guztia irakurri ondoren. Hona hautatutako liburuak:

• DBH1 eta 2:

Sinbad deitzen zidan. Francisco Castro. Alberdania, 2018.

Hasiera berri bat. Gwenola Morizur. Ilustratzailea: Marie Duvoisin. Harriet, 2018.

• DBH 3 eta 4:

Eztia eta ozpina. Patxi Zubizarreta. Alberdania, 2018.

Maitasuna zailegia da. Andres Guerrero. Itzultzailea: Joseba Santxo. Begiko, 2018.

Horiez gain, Ezinbestekoen zerrendatik ere aukeratu ahalko dute irakurgaia. Zerrenda horretan bildu dituzte hainbat literatura adituk, euskaraz, gazteentzat, orain arte argitaratu diren liburu gomendagarrienak.

Lehiaketaren OINARRIAK.