Gaur, maiatzaren 17an, goizeko 11:00etan, 2018-2019 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin da Donostian, Tabakalerako zinema-aretoan. Bertan izan dira Iñaki Markotegi, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia, besteak beste.
Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izan dira ekitaldian; hala nola, Jasone Osoro idazlea edota Joseba Landa, Desclée argitaletxearen izenean.
Guztira, lau sari banatu dira. Ikastetxeen kategorian, bi multzo egin ditugu eta multzo bakoitzeko sari bana eman da: DBH1-2 multzoan bat, eta bestea DBH3-4 multzoan. Ondoren, Publikoaren Sariak banatu ditugu. Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak).
Sari nagusiaren irabazleak ekitaldian bertan jakinarazi dira eta 200 lagunetik gora -lehiaketan esku hartu duten gazteak, gehienak- izan dira Tabakalerako zinema-aretoa bete dutenak.
Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatu du.
Parte-hartze handia
Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 25 ikastetxek eman dute izena egitasmoan; iaz baino hiru gehiago lehiatu da, hortaz. Gipuzkoako 23 ikastetxe eta Araba eta Bizkaiako bana izan dira, zehazki, beren lanak lehiaketara aurkeztu dituztenak. Guztira, 3.112 ikasle inguru izan dira lehiaketan aurkeztu direnak, iaz baino 200 bat gehiago. 279 book trailer aurkeztu dira, horietatik 257 sartu dira lehiaketan: 251 Ikastetxeen kategorian eta 6 Norbanakoenean.
Sari nagusiak
Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, PEPINILLOAK taldea (Gorka Loinaz, Aimar Luis eta Axier García) izan da garaile, Ezekiel (Jasone Osoro. Elkar, 2009) liburuaren book trailerrarekin. Donostiako Axular Lizeoko DBH2ko ikasle taldearentzat izan da, hortaz, sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritziz, “Istorioa ederki dago kontatuta. Musikaren erabilera oso egokia da. Pieza freskoa da, ederki irudikatzen dute institutuko bizitza eta estetikak pelikula amerikarrak dakarzki gogora”. Saria, Jasone Osorok, Ezekiel liburuaren egileak, eman die.
Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, MUNDUTARRAK (Ana Oyarzabal, Pilar Jauregi, Marina Llamosas, Malena Lozano eta José González) taldearen lana (Iqbalen historia. Francesco D´Adamo. Alai, 2017.) izan da onena epaimahaiaren iritziz. Talde hau Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxeko DBH4ko ikasleek osatzen dute. Epaimahaiaren hitzetan, “Lan osoaren tonua, irudien kolorea eta tonalitateak booktrailer osoan zehar mantentzen dira. Hasiera indartsua du. Ez du historia deskribatzen, baina mezu nagusia hor dago eta oso iradokitzailea da. Musikak asko laguntzen dio, amaieran bereziki. Arnas hotsak oso esanguratsuak dira. Amaierako kredituak eta tipografia ere zaindu dituzte, letra zuri eta gorriek indarra ematen diote”. Saria Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, eman die gazteei.
Irabazleak honako adituek osatutako epaimahaiak hautatu ditu: Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak; Lore Agirrezabal kazetari, literatur kritikari eta Liburu Gazteako koordinatzaile ohiak; Irati Zaldua dokumentalistak eta Nader Koochaki bideo, argazki eta soinuaren alorreko artistak.
Publikoaren Sariak
Horrez gain, Publikoaren Sariak ere banatu dira. Ikastetxeen kategorian, Donostiako Claret ikastetxeko DBH4ko Claret 3 taldeak (Olatz Artola Lagos, Alaia Gonzalez Garcia, Maria Ortiz de Zarate Obeso, Polina Mazhna, Daniela Andronic) irabazi du 8 botorekin, eta Norbanakoenean, Sara García Rubio (DESIGNING) ordiziarrak, 42 botorekin. Guztira, 163 boto bildu dira.
Publikoaren iritziz, horiek izan dira aurtengo book trailerrik onenak. Claret ikastetxeko DBH4ko Claret 3 taldeak, Tom Sawyer-en abenturak (Mark Twain.Alberdania-Erein-Igela, 2012) liburuari buruzko book trailerra aurkeztu zuen lehiaketara, eta Sara García Rubio ordiziarrak, berriz, Jessicaren itzala (Andrew Norris. Desclée, 2017) liburua oinarri hartuta osatu zuen lehiaketara aurkeztutako DESIGNING book trailerra. Bigarren hori, Aurtengo proposamenak liburu zerrendatik hautatu zuen ordiziarrak. Izan ere, 2017an Euskarazko Gazte Literaturan argitaratu ziren liburuen artetik DBHko ziklo bakoitzerako bina izenburu proposatu genituen lehiaketarako, baina horrez gain, parte-hartzaileek Ezinbestekoak izeneko aipatutako zerrendatik ere hauta zezaketen liburua. Zerrenda hori, hain zuzen ere, hainbat literatur adituren proposamenekin osatua da, eta orain arte euskaraz Gazte Literaturan argitaratu diren kalitate oneneko liburuak biltzen ditu. Sariak Joseba Landa, Desclée argitaletxeko ordezkaria eta Iñaki Markotegi, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik jaso dituzte.
Beste behin ere giro aparta izan da Tabakalerako zinema aretoan. Mila esker gerturatu zareten guztioi, sariak banatzera etorri zaretenoi eta zorionak parte hartu duzuen ikastetxe, irakasle eta ikasleei! Lan bikaina egin duzue! Jarrai dezagun lanean!