Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-05-30

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa 2017-2018 Sari banaketa ekitaldi jendetsua Tabakaleran

Gaur, maiatzaren 18an, goizeko 11:00etan, 2017-2018 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin da Donostian, Tabakalerako zinema-aretoan. Bertan izan dira Amaia Hennebutte Galtzagorri Elkarteko presidentea; Iñaki Markotegi, elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia, besteak beste.

Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen itzultzaile eta editoreak ere izan dira ekitaldian; hala nola, Lurdes Auzmendi itzultzailea edota Iñaki Aldekoa, Erein argitaletxearen izenean.

Guztira, bost sari banatu dira. Ikastetxeen kategorian, bi multzo egin ditugu eta multzo bakoitzeko sari bana eman da: DBH1-2 multzoan bat, eta bestea DBH3-4 multzoan. Norbanakoen kategorian, berriz, maila guztiak zaku berean sartu ditugu eta sari bakarra eman dugu, book trailerrik onenarentzat. Ondoren, Publikoaren Sariak banatu ditugu. Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak).

Sari nagusiaren irabazleak ekitaldian bertan jakinarazi dira eta 200 lagunetik gora -lehiaketan esku hartu duten gazteak, gehienak- izan dira Tabakalerako zinema-aretoa bete dutenak.

Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatu du.

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 25 ikastetxek hartu dute parte egitasmoan; iaz baino hiru gehiago lehiatu da, hortaz. Gipuzkoako DBHko 22 ikastetxe eta Arabako 3 izan dira, zehazki, beren lanak lehiaketara aurkeztu dituztenak. Guztira, 2.945 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak, iaz baino 1.000 bat gehiago. 241 book trailer sartu dira lehiaketan: 237 Ikastetxeen kategorian eta 4 Norbanakoenean.

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, UXUEBECA taldea izan da garaile, Iqbalen historia (Francesco D´Adamo. Aizkorri, 2003) liburuaren book trailerrarekin. Ordiziako Jakintza ikastolako DBH2ko ikasle taldearentzat izan da, hortaz, sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritziz, “ondo bereganatzen du ikuslearen arreta, istorioaren alderdi emozionalenarekin bat egiten duelako kontakizunak. Originala iruditu zaigu, lehenik eta behin trama edo istorioaren muina kontatzen duelako, eta ikuslearen arreta bereganaturik duenean aurkezten digu Iqbal, pertsonaia nagusia. Galdera batekin amaitzen du, irakurlearen interesa pizteko. Marrazkiak politak dira eta musikaren erabilera oso aproposa”. Saria Lurdes Auzmendi, Iqbalen historia liburuaren itzultzailearen eskutik jaso dute.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, MIPA taldearen lana (Anaren bakardadea. Jordi Sierra i Fabra. Erein, 2007.) izan da onena epaimahaiaren iritziz. Talde hau Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxeko DBH4ko ikasleek osatzen dute. Epaimahaiaren hitzetan, “ikusentzunezkoaren bitartekoa era zuzen eta interesgarrian erabiltzen du. Azalpenik eman gabe, hitz gutxi erabiliz, jakin-mina pizteko gai da. Errekurtso propioak baliatuz, erritmo egokiarekin, amaiera borobil batekin kolpatzen gaitu bukaeran.” Saria Iñaki Aldekoak, Erein argitaletxeko editoreak, eman die gazteei.

Norbanakoen kategorian, berriz, Nora de Gracia gaztearentzat izan da saria. Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (John Boyne. Alberdania, 2007) liburuari buruzko lanarekin irabazi du. Epaimahaiaren aburuz, “liburuaren laburpen soil eta garbi bat proposatzen du. Handikeriarik gabe, animazioaren bitartekoa baliatzen du, eragiketa kreatibo bati bide emanez. Trailer batek behar duen iradokitze ahalmena gailentzen da lanean, istorio osoa minutu gutxitara murrizteko joeraren gainetik”. Saria Ainara Gurrutxagak, Dejabu Panpin Laborategiko kide, antzerki zuzendari, idazle eta antzezleak eman dio.

Irabazleak honako adituek osatutako epaimahaiak hautatu ditu: Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak; Lore Agirrezabal kazetari, literatur kritikari eta Liburu Gazteako koordinatzaile ohiak; Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Liburutegiko arduradunak eta Nader Koochaki bideo, argazki eta soinuaren alorreko artistak.

Publikoaren Sariak

Horrez gain, Publikoaren Sariak ere banatu dira. Ikastetxeen kategorian, Donostiako Axular Lizeoko DBH4ko EGHI taldeak irabazi du 105 botorekin, eta Norbanakoenean, berriro ere, Donostiako Nora de Graciak, 58 botorekin. Guztira, 482 boto bildu dira.

Publikoaren iritziz, horiek izan dira aurtengo book trailerrik onenak. Axular Lizeoko DBH-4 mailako EGUI taldeak, Tximeletaren oihua (Jordi Sierra i Fabra. Ibaizabal, 2016) liburuari buruzko book trailerra aurkeztu zuen lehiaketara, eta Nora de Gracia donostiarrak, berriz, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (John Boyne. Alberdania, 2007) liburua oinarri hartuta osatu zuen lehiaketara aurkeztutako LSD 01 Bakarka book trailerra. Bigarren hori, Ezinbestekoak liburu zerrendatik hautatu zuten ikasleek. Izan ere, 2016an Euskarazko Gazte Literaturan argitaratu ziren liburuen artetik DBHko ziklo bakoitzerako bina izenburu proposatu genituen lehiaketarako, baina horrez gain, parte-hartzaileek Ezinbestekoak izeneko aipatutako zerrendatik ere hauta zezaketen liburua. Zerrenda hori, hain zuzen ere, hainbat literatur adituren proposamenekin osatua da, eta orain arte euskaraz Gazte Literaturan argitaratu diren kalitate oneneko liburuak biltzen ditu. Sariak Iñaki Markotegi, Galtzagorri Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidearen eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiaren eskutik jaso dituzte.