Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-07-07

Leire Salaberriak bigarren aldiz irabazi du Etxepare saria

Leire Salaberriak (Andoain, 1983) aurkeztutako Hiltzaileak albuma izan da 2014ko Etxepare saria ren irabazlea. Salaberriak 2010ean ere eskuratu zuen sari hau "Euria ari duenean" lanarekin eta 2013an Peru Abarka saria lortu zuen Ekhiñe Egigurenek idatzitako Pashima gorria ipuinaren ilustrazioekin.

Epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek, eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute eta euren esanetan: "Autoreak beldurra eta egonezina sentiarazteko gai den narrazioa eraiki du. Hitza eta irudia primeran uztartzen ditu eta intrigari eusten dio istorioa amaitu arte. Amaiera borobil bezain lasaigarri batez ixten du trama, irakurlea jokoaren partaide bihurtuz".

Aurten 25 lan aurkeztu dira sariketa honetara. Irabazleak 5.000 euro jasoko ditu egile eskubieen aurrerapen moduan eta bere lana Pamiela argitaletxeak kaleratuko du 2014ko udazkenean.

Sariaren historia:

Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Aurreko edizioetako saridunak: http://www.etxeparesaria.net/saridunak.asp