Aitziber Alonso, Leire Salaberria, Jokin Mitxelena, Maite Gurrutxaga eta Eider Eibarren lanak hautatu zituen martxoan OEPLIk, Espainiako Estatuko beste 11 ilustratzaileenekin batera bi urtean behin egiten den Bratislavako Biurtekora aurkezteko. Ospe handia duen Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta BIBIANAk (Haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak) antolatzen dute. Iraila eta urrian zehar burutuzen ari dira 2017ko edizioa. Mundu guztiko ilustratzaileen jatorrizko lanen erakusketaz gain, haur eta gazteentzako liburuen ilustrazioan adituak direnen nazioarteko sinposio bat ere egingo dute asteburu honetan.
OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil), IBBYren Espainiako atala denez, Bratislavako Ilustrazio Biurtekora 15 ilustratzaileren lanak aurkezteko aukera du bi urtez behin. Horregatik Galtzagorri Elkarteko kide diren ilustratzaileek, Galtzagorri OEPLI erakundearen parte denez, aukera izaten dute OEPLIra euren lanak bidaltzeko eta honen bidez beraien partaidetza bideratzeko.
2017ko Biurtekoan, esan bezala, 5 euskal ilustratzaileren lanak lehiatu diran. Tartean, Leire Salaberriarenak. Bere bi lan daude ikusgai bertan: “¿Dónde está Tomás?”(Ekaré) eta “Martin en el mundo de las cosas perdidas” (Bambú ediciones). Horiekin batera daude Galtzagorriko kide diren beste lau ilustratzaile hauenak ere:
-Aitziber Alonso: “Nik ere nahiko nuke mango bat” eta “KULUN-KUTTUNAk” (Denonartean).
-Jokin Mitxelena: “La botella del señor Augusto” y “Zapatirroja” (Cenlit Denonartean)
-Maite Gurrutxaga: “Las aventuras agrícolas de un cockney” eta “Las aventuras de un padre de familia”(Nórdica).
-Eider Eibar: “Barrukoa” (Edo!) eta “Tipi-Tapa-Tipi ilunabarrean”(Denonartean)
OEPLIk aurtengo Biurtekoaren ediziorako aukeratutako beste 11 ilustratzaileen berri duzue oepli.org web gunean.
Saririk ez, ordezkaritza bai
Bratislavako Biurtekoan, nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte. Haur eta gazte liburuen ilustrazioen erakusketa honetan nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAND PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa).
Aurtengo edizioko irabazle nagusiak hauexek izan dira:
GRAND PRIX: Ludwig Volbeda (Holanda): “The birds”
URREZKO SAGARRAK:
Narges Mohamadi (Iran): I was a deer
Maki Arai (Japonia): Dandelion
Ji-min Kim (Hego Korea): Hide & Seek
Ana Desnitskaya (Errusia):Tthe old russian home
Daniela Olejníková (Eslovakia): Verminarium, the escape
Azken urteetan Euskal ordezkaritza zabala izan du Euskal ilustraziogintzak Biurteko entzutetsu honetan. Ordezkaritzaz gain, azken hiru edizioetan sarituak ere izan dira euskal ilustratzaileak. Azken edizioan, 2015ean, Elena Odriozolak Urrezko Sagarra irabazi zuen "Frankenstein" (Nórdica) lanarekin. Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen duen bigarren euskal ilustratzailea bihurtu da hala, Asun Balzolarekin batera, Balzolak 1985ean jaso zuen Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako "Txitoen istorioa" liburuarekin.
Orduko hartan Etxepare Institutuari esker bidaiatu zuen Odriozolak Bratislavara saria jasotzera; oraingoan saririk ez, baina erakusketa honetan parte hartzeko aukeratua izate hutsa nahiko sari da eta bertan izango da Leire Salaberria, Etxepare Euskal Institutuari esker. Bihartik hasi eta astelehenera arte hainbat ekimenetan parte hartuko du. 26. Biurteko honen baitan asteburu honetan burutuko den egitarau osoa hementxe duzue ikusgai.