Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-11-04

Leire Bilbaok eta Mikel Valverdek eskuratu dituzte Euskadi Literatura Sariak

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2017ko Euskadi Literatura Sariaren garaile suertatu da Leire Bilbao ondarrutarra. Hain zuzen ere, "Xomorropoemak eta beste piztia batzuk" lanari esker. Obra horrekin berarekin izan da Bilbao Haur Literaturako Espainiako Sari Nazionaleko finalista. Mikel Valverde ilustratzaile gasteiztarra, berriz, Literatura Lanaren Ilustrazio Euskadi saria kategorian gailendu da “Versos de deportes” lanari esker. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek eman du berria Tabakalerako UBIK liburutegian egindako prentsaurrekoan. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 13an egingo da.

 

Leire Bilbaok 2016an plazaratu zuen duologia osatzen duten bi izenburuetariko bat saritu du Euskadi Literatura Sariko epaimahaiak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren alorrean. Izan ere Maite Mutuberriak ilustratu eta Pamiela argitaletxeak plazaratutako “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” eta “Piztipoemak eta beste xomorro batzuk” lanak proiektu bereko parte izateko bokazioz jaio ziren. Senideak dira beraz, egileak berak aitortzen duenez.

 

Bietan animalien inguruan poema eta ipuin poetiko laburrak aurkituko ditu irakurleak: poema luzeak, poema laburrak, ia ia nanopoemak, baita ere mikroipuin poetikoak, edo narrazio poetiko laburrak, kopla sorta bat edo beste badago, hamarreko txikiren bat ere bai. Erritmoarekin, errimarekin eta hitzekin jolasean ibiltzeko proposamenak dira beraz. Eta baita irudiekin ere, irudi poetikoak sortuz.

 

Euskadi saria irabazi duen “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” lana txikitxoentzat edo poesian hasiberrientzat dago pentsatua. “Piztipoemak eta beste xomorro batzuk” helduagoentzat edo poesiaren bidea jarraitu nahi dutenentzat.

Bilbaok idatzitako duologia hauxe bera finalista izan da Espainiako Haur Literatura Sari Nazionalean aurten. Hain zuzen ere, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundeak aurkeztu zuen Sari Nazionalera hautagai gisa, Galtzagorri Elkarteak egindako proposamenari esker. Antonio García Teijeirok irabazi zuen Sari Nazionala Haur Literaturaren alorrean "Poemar  o mar" lanarekin.

Leire Bilbao Ondarroan jaio zen, 1978. Euskal Haur literaturan ibilbide oparoa egina du. Besteak beste, "Armairu barruan ipuinak irakurtzen zituen neska" (Erein, 2010), "Euli bat dut bihotzean" (Elkar, 2013) eta "Gerrak ez du izenik" (Pamiela, 2013 Etxepare saria) liburuak plazaratu ditu.

 

Ilustrazioa saria Valverderentzat

Literatura Lanaren Ilustrazioa saria, Mikel Valverde gasteiztarrarentzat izan da, "Versos de deportes" izenburuko liburuari esker. Javier Ruiz Taboadak idatzi eta Ediciones SM-k argitaratutako liburu honetan, kirol ezberdinen inguruko 30 bat poema biltzen dira, lehen irakurleentzat. Kirol ezberdinetara eskainitako poema bakoitzak Valverdek eginiko bi orriko ilustrazio bana du.

 

Mikel Valverde Gasteizen jaio zen, 1966an. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Teknika Grafikoen espezialitatean. Haur eta Gazte Literaturako bere ilustratzaile lana 1995ean hasi zen eta lan ugari plazaratu ditu alor horretan. Euskal Haur eta Gazte Literaturako autore esanguratsuenen lanak ilustratu ditu, hala nola, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Patxi Zubizarreta, Juan Kruz Igerabide edota Pello Añorga. Bere liburuak ere idatzi eta ilustratzen ditu, "Rita" bilduma esaterako. Urteetan Galtzagorri Elkarteko bazkide izana, 2005ean, SM Fundazioaren Nazioarteko Ilustrazio Saria erdietsi zuen, "Paula en Nueva York" lanarekin.