Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-11-28

Ledicia Costas galiziarrarentzat Sorkuntza Literarioaren Lazarillo Saria

Ledicia Costas idazle galiziarrak eskuratu du Sorkuntza Literarioaren Lazarillo 2015 Saria, Jules Verne e a vida secreta das Femmes Plante izeneko lanarekin. Lehiaketa hau OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) antolatzen du Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin eta 2.500 eurokoa saria du. Sari bera baina Album Ilustratuaren modalitatean Miate Gurrutxagarentzat izan da aurten. 

Prestigio handikoa da Lazarillo saria, Espainaiko haur eta gazte literatura saririk zaharrena da, gainera. Izan ere, Instituto Nacional del Libro Español erakundeak sortu zuen 1958an haur eta gazteentzat liburu onen sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Gero, 1986tik aurrera OEPLI arduratu da urtero antolatzeaz bere bi modalitateetan: “Album Ilustratua” eta “Sorkuntza Literarioa”.

Aurtengo epaimahaia honako kideek osatu dute: OEPLIko kopresidente Xosé Antonio Perozok, eta Arantxa Bea, Aurelio Erdozain, Ana María Navarrete eta Antonio Manuel Fraga OEPLI osatzen duten atal bakoitzak hautatutako kideak guztiak. Ana Cendán OEPLIko Idazkari Teknikoa aritu zen idazkari gisa, hitzik eta botorik gabe. Epaimahaiak lan saritua nabarmendu zuen honako hitzekin: “Ondo idatzitako nobela da, narrazio errazekoa, ondo egituratua eta errealitateko eta fikzioko elementuak zehaztasun handiz uztartzen dituen hizkuntza literario xehe baina landuarekin idatzia, horri guztiari erantsi dion misterio ukituarekin irakurketa oso zirraragarria gertatzen da”.

Ledicia Costas, idazle saritua

Idazle galiziarra, zuzenbidean lizentziatua. Lehenago argitaratuak ditu: Unha estrela no vento (Xerais, 2008); Recinto Gris (Xerais, 2014), IBBYren (International Board on Books for Young People) Minusbaliotasunen bat duten pertsonentzako Lan Gomendatuen Zerrendan dagoena; O corazón de Xúpiter (Xerais, 2015), zeinarekin Galiziako Editoreen Elkarteak ematen duen Haur eta Gazte Libururik Onenaren Ánxel Casal Saria irabazi baitzuen, baita AELG elkartearen (Asociación de Escritoras Escritores en Lingua Galega) eskutik jasotako Haur eta Gazte Literaturako lanik onenaren saria ere; eta, Escarlatina, a cociñeira defunta lana, Haur Literaturako Merlín Saria, Haur eta Gazte Literaturako Liburu onenaren Fervenzas Literarias Saria, Galiziako Editoreen Elkarteak ematen duen Haur eta Gazte Literaturako lanik onenaren Xosé Neira Vilas Saria, IBBYren 2016ko Ohorezko Zerrendan sartu da eta Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala ere eskuratu du.

Poesia ere idatzi du, Xardín de inverno (Everest, 2012).

Berriki argitaratu du Inmundicia e Roñoso Tambre-Edelvives argitaletxearekin eta helduen narratiban Un animal chamado néboa (Edicións Xerais), II Mundu Gerran girotutako liburua.

Galiziako Haur eta Gazte Literatura sustatzearen alde ari da lanean eta HGLn espezializatutako Criaturas aldizkari digitalaren koordinatzaileetako bat.

Lan saritua

Jules Verne e a vida secreta das Femmes Plante XIX. Mendeko Vigo hirian girotutako istorioa da. Bertan Jules Vernek hirira egindako bisita bat kontatzen da, bisita hartan ezagututako hiriko ibaiak inspiratuta idatzi zuen Hogei mila legoako bidaia itsaspetik liburuko pasarteetako bat. Hala ere, garai hartako dokumentuek ziurtatzen dutenaren kontra, Vernek 1884an Vigora egindako bisita ez da ustekabekoa, idazlea landare-emakume misteriotsuen arrastoari segika iritsi baitzen hirira.

Istorio honetako protagonista Violeta da, botika batean bere aitona-amonekin bizi den nerabe adimentsu eta inkonformista. Hirurak konbentzituta daude haiek baino ez dakitela hamarkadetan gordetako sekretua: bai Violeta bai bere amona Melisa erdi gizaki eta erdi landare diren emakumeen leinu horretakoak direla. Idazlea hirira etorri orduko hasiko da itsaspekoz, lurrin-yatez, kedar-garbitzailez eta landare arimadun izaki bereziz betetako abenturak.