Aurten ohi baino beranduago egin du Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Erakundeak (OEPLI) Lazarillo Sarietarako deialdia. Dataz gain, babeslea gehitu du eta, oraingoan, OEPLIk Kultura eta Kirol Ministerioaren babesa izango du. Sariak bikoiztu egin dituzte eta modalitate bakoitzeko irabazleek 6.000 euro bana jasoko dituzte dagokion atxikipenarekin. 60. ekitaldia du lehiaketak. Literatura sorkuntzako atalean Gazte Literatura sarituko dute, eta narratiba, poesia zein antzerki generoko lanak aurkez daitezke, beti ere, 12 urtetik gorako haurrei zuzenduak. Haur eta Gazteentzako album ilustratu onenari emango diote beste Lazarillo Saria.
Sortzaileek lanak azaroaren 30a baino lehen bidali behar dituzte, literatur sorkuntzaren kasuan, eta abenduaren 31ean album ilustratuarenean. Gazte Literaturaren atalean launa ale helaraziko dituzte; album ilustratuaren atalean,berriz, ilustrazioen 3 kopia, maketa eta CD edo USBa. Helbidea honakoa da: OEPLIko idazkaritzara (Santiago Rusiñol 8, 28040 Madril).
Haur eta Gazte Literaturako Espainiako sari zaharrena da Lazarillo Saria. 1958. urtean sortu zuen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sariak antolatzeko ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaidea denez gero, sarietako epaimahaian parte hartzen du urtero.
Sari banaketa ekitaldia 2020ko apirilean izango da, Haur Liburuaren Nazioarteko egunaren bueltan.
Literatura sorkuntza. Oinarriak
Album ilustratua. Oinarriak