Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-03-30

Lazarillo Sarietan parte hartzeko epea zabalik da

2012ko Lazarillo Sarietan parte hartzeko deia egin du OEPLIk. Haur eta Gazte Literaturako Espainiako sari zaharrena da Lazarillo Saria. 1958. urtean sortu zuen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sari hauek antolatzearen ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaide izanik, sari hauetako epaimahaian parte hartzen du urtero. 2011ko epaimahaian Estibalitz Jalonek parte hartu zuen Album Ilustratuaren alorrean, eta Imanol Mercerok Sormen Literariokoan.

Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko produkzioa bultzatzeaz gain, haurrentzako album ilustratuen produkzioa sustatzea ere bada. Egun bi sail ditu lehiaketa honek: bata, Album Ilustratuarena; bestea, Literatur Sorkuntzarena. 7.000 euro irabaziko ditu irabazleak kategoria batean zein bestean. Iaz baino 1.000 euro gutxiago izango dituzte aurtengo sariek.

Aurtengo lehiaketa ere martxan da. Horregatik, Sormen Literarioan parte hartu nahi dutenek lanak 2012ko maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu behar direla. 2012ko irailaren 15ean bukatzen da berriz, Lazarillo Sariko Album Ilustratuen alorrean lanak entregatzeko epea. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek OEPLIko Idazkaritzara (Santiago Rusiñol, 8, 28040 Madril) bidali behar dituzte ilustrazioen originalak, maketa eta CDa.