Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-06-20

Lazarillo Sarietan izena emateko epea zabalik da

2015eko Lazarillo Sarietan parte hartzeko deialdia egin du OEPLIk, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren babesarekin. Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko liburuen produkzioa bultzatzea da. Egun bi sail ditu lehiaketa honek: bata, Album Ilustratuarena; bestea, Literatur Sorkuntzarena. 2.500 euro irabaziko ditu irabazleak kategoria batean zein bestean. Literatur lanak bidaltzeko epea 2015eko uztailaren 15ean amaituko da. Ilustrazioak bidaltzeko epea, berriz, 2015eko irailaren 30ean.

Haur eta Gazte Literaturako Espainiako sari zaharrena da Lazarillo Saria. 1958. urtean sortu zuen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sari hauek antolatzearen ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaide izanik, sari hauetako epaimahaian parte hartzen du urtero.

2015eko bi kategorien eskakizunak

Literatur sorkuntzarako Lazarillo Sarietan aurten, Espainiako edozein hizkuntza ofizialetan idatziriko eta 12 urtetik gorako gazteei zuzendutako lanak onartuko dira. Lanak aurkezteko epea uztailaren 15ean amaituko da.

Album Ilustratua 2015 Lazarillo Sarira aurrez argitaratzeko konpromisorik ez duen, argitaragabea den eta beste lehiaketetan saritua izan ez den proiektu baten maketa osoa aurkeztu behar da. Maketak testuz eta ilustrazioz osatua egon beharko du. Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da.

Sari-banaketa ekitaldia 2015eko abenduan egingo da.

Informazio gehiago, jarraian atxikitako dokumentuetan.