Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-06-08

Lazarillo sariak eman, eta aurtengo oinarriak aurkeztu dituzte

Aurtengo Lazarillo sariak eman berri ditu OEPLIk. Literatur sorkuntzaren modalitatean epaimahaiak aho batez erabaki du ¿Vuelan las supergallinas? izeneko lanari ematea. Culleran, Valentzian, bizi den Javier González Calero Rodenas da lan sarituaren egilea. Poema bildumaren askatasuna eta freskotasuna nabarmendu ditu epaimahaiak, jolasetik gertu dagoen proposamena da, umoretsua; samurtasun eta surrealismo zertzeladekin ondu du. Albumaren modalitatean, Montañas albumari ematea erabaki du epaimahaiak. Bartzelonan bizi diren Mercè López Ascanio eta Javier Bermúdez López dira albumaren egileak. Epaimahaikideek nabarmendu dute albumaren originaltasuna eta, hitzik gabekoa izanda ere, egiten duen ekarpen literarioa. Ilustrazioen kalitatea ere azpimarratu dute, baita ere mendien nahiz naturaren defentsaren alde egiten dituen iradokizunak, bide batez, kultura ekologikoa zabaltzen duelako.

Epaimahaian, Galtzagorrik eskatuta, Asun Agirianok eta Lore Agirrezabalek parte hartu dute. Azpimarratzekoa da jasotako lanen kopuruak nabarmen egin duela gora. 

Bide batez, OEPLIk 2023ko Lazarillo Sarien oinarriak argitaratu ditu, hala sorkuntza literarioaren atalean (aurten gazte-literatura) nola albumaren modalitatean.