Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-10-17

Larunbatean Kontalarien Maratoia egingo dugu San Telmo Museoan

Urriaren 17an, larunbatarekin, Ipuin Kontalarien Maratoia egingo dugu San Telmo Museoan, Galtzagorriren 25. urteurrena ospatzeko. Guztira, 7 saio izango dira, bakoitza adin tarte desberdineko neska-mutilentzat eta guztiak zeinu hizkuntzara itzuliko dira

Goizeko hamarretan hasi eta iluntzeko 19:00ak arte 7 kontalari ariko dira bata bestearen atzetik, San Telmo Museoan. 10:00etatik 12:00etara 3 saio izango dira: Oihana Etxegibelen Afrikako ipuinak, 6-9 urte bitartekoentzat; Josu Jimenez Maiaren Kamishibai saioa, 2-8 urte bitartekoentzat; eta Pello Añorgaren poesia kontaldia 6-10 urte bitartekoentzat.

Ondoren, 16:00etan hasita, Beatriz Egizabal & Kontu Kantoi taldearen eskutik, kontaketa ilustratua, 6-8 urtekoentzat. Jarraian, Rai Bueno kontalariaren saioa 8 urtetik gorakoentzat. 18:00etan, berriz, Clowntu Kontari Itziar Saenz de Ojer eta Bazen Behin Clown-en eskutik, 10-14 urte bitartekoentzat. Eta bukatzeko, gazteen artean, gantxo gehien duen kontalaria: Joxemari Carrere Nork dio beldurra? Izu istorioak saioarekin, 14 urtetik gorakoentzat.

Gogoan izan: saio guztiak dohainik izango dira, baina lekuak mugatuak izango direnez, saioa hasi baino ordu laurden lehenago bertaratzea komeniko da.