Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-07-14

Lampedusako 11. kanpalekuan parte hartzeko gonbitea egin du IBBY Italiak

2023ko urriaren 22tik 29ra egingo da Kanpaleku honen 11. edizioa. IBBY Italiak zabaldu du deialdia: “Ziurgabetasun eta aldaketa garai hauetan, eta gure herrialde guztiei eragiten ari zaien migrazio eta integrazio arazoen garai hauetan, liburuak aldaketarako tresna gisa erabiltzeko interesa duten guztiak gonbidatu nahi ditu IBBY Lampedusa liburutegiak Mediterraneo itsasoan dagoen Lampedusa irlan biltzera”. Liburuzainak, ikasleak, idazleak, ilustratzaileak… liburu mutuak aldaketarako giltzarri gisa erabiltzen ari diren IBBYko kide guztiak deitu ditu IBBYk bereziki.

 

Norberak bere bidaia eta egonaldia ordaindu behar du. Behin bidaia eta egonaldiaren beharrezko erreserbak eginda, irailaren 29rako baieztatu behar da kanpalekuan parte hartu behar dela, horretarako Deborah Soriari idatzi behar zaio e-mailez: soria.deb@gmail.com

 

 

Lampedusako liburutegia

Silent books. From the world to Lampedusa and Back" izeneko egitasmoa sortu zuen IBBYren Italiako atalak 2012an. Hain zuzen ere, Lampedusako irlan haurrentzako liburutegi bat sortzeko xedez. Urteetan, stand by-ean egon zen proiektua egia bihurtu zen eta liburutegiak 2016an ireki zituen bere ateak, IBBY Fundazioaren laguntza bati esker. Ordutik ez ditu inoiz bere ateak itxi eta irla honetako liburutegi bakarra izaten jarraitzen du. Kanpalekura doazen bolondresek liburuak erabiltzeko modu berritzaileak ikasi, erakutsi eta esploratuko dituzte elkarrekin. Liburu mutuekiko duten interesa eta jakin-mina ere elikatuko dute, Lampedusako liburutegian IBBYren Silent Books bilduma osoa baitago.

 

IBBYren lanarekiko pasioa duten pertsonekin topo egiteko parada ere eskaintzen du kanpaleku honek. Bertan, Mediterraneoko migrazio prozesuak bertatik bertara ezagutu eta hobeto ulertzeko aukera ere eskaintzen du. Idoia Etxegoien, Galtzagorriko bazkideak 2018an hartu zuen parte kanpaleku hauetan.

 

Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbide nagusietako bat da Lampedusa eta uharte txiki horretan liburuak eskuratu ezin dituzten milaka haur eta gazte bizi dira. Testu inguru honetan IBBYren (International Board on Books for Young People) Italiako atalak jarri zuen martxan 2012an irla txiki honetan bizi diren haurrek nahiz bertako Lehen Sorospen Zentroetara iristen diren haur etorkinek liburuak esku artean izan ditzaten eskubidea bermatzeko Liburutegi baten eraikuntzaren proiektua, bereziki album mutuz osatutakoa hizkuntzaren trabarik gabe guztientzat irakurgarri izan daitezen. 

"Silent books. From the world to Lampedusa and Back" egitasmoak 6 edizio bete ditu honezkero. Urte hauetan guztietan izeneko egitasmoak, hiru ildo landu izan ditu:  

1. Album mutuez osatutako liburuen erakusketa ibiltaria osatzea, Italiako eta munduko hainbat hiri eta herritan erakusten dena. Munduko IBBYko atal guztiek dute aukera erakusketa honetan parte hartuko duten izenburuak proposatzeko. Hitzik gabe, irudiak bakarrik erabiltzen dituzten liburuek osatzen dute erakusketa. 2022an Gasteizen ikusi ahal izan genuen erakusketa honen bilduma bat. Azken urteetan, gainera, Ohorezko zerrenda bat osatzen dute edizio bakoitzean hitzik gabeko lanik nabarmenenak azpimarratuz.

 2. Erakusketa ibiltaria osatzen duten liburuen ale bana Erroman dagoen Hitzik gabeko liburuen Dokumentazio eta Ikerketa Zentrora ere bideratzen da.  

3. Liburu horien ale bana, Lampedusako irlan dagoen haur Liburutegira bideratzen da. Liburutegi horren apaletan, beraz, Italiako liburuak egongo dira batetik, baina bestetik, munduan zehar argitaratu diren hitzik gabeko kalitate goreneko album guzti hauek ere izango dira.   Izan ere, IBBYren ustez, album mutuak edo hitzik gabeko liburuak hizkuntz mugak gainditu eta jatorri kultural eta linguistiko ezberdinak dituzten haur eta helduen arteko topaleku paregabea dira. 

 

Galtzagorriren aletxoa  

 Galtzagorri elkarteak bi urtez behin osatzen den Silent books bildumarako euskarazko hitzik gabeko albumak proposatzen ditu. Proposamen horien ondorioz, bi izan dira, azken urteetan, erakusketa honetarako aukeratuak izan diren Euskal Haur Literaturako albumak: “A” (Lorena Martinez, Denonartean) eta “Barrukoa” (Eider Eibar, Edo!).

 

2015ean, Galtzagorri Elkarteak, bere 25. Urteurrena zela medio, Mediterraneo itsasoan dagoen irla honetan egiten ari ziren proiektuari laguntza eskaintzea pentsatu zuen. Eta hala, "Silent books" proiektuak eta Galtzagorri Elkarteak azken urteetan antolatu dituen MarraziOak izeneko ilustratzaileen jardunaldiek lotura zuzena dutela pentsatu genuen. Besteak beste, MarraziOak topaketetan album mutuak ere landu izan ditugulako. Horregatik, Ilustratzaileen Enkante Dramatizatua antolatu genuen. Bertan bildutako dirua Italiako IBBYri igorri zion Galtzagorri Elkarteak, Lampedusako Haur Liburutegia eraikitzen laguntzeko asmoz.