Hemeroteka


Elkarbanatu
2010-02-05

Labirintoaren erbestean aretoa Hernanin eta Zumarragan

Haur eta Gazte Literatura suspertzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko helburuz, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak urtero areto literario bat sortu du azken urteetan. Arrakasta handiko egitasmoak izan dira beti eta tradizio ere bihurtu dira hainbat herritako liburutegietan.

2008an sortutakoa da Labirintoaren Erbestean areto literarioa. Itziar Zubizarretak egin zuen jolas literario honen gidoia eta honen sorreran Aitziber Alonsok, Miren Gonzalezek eta David Ugaldek parte hartu zuten. Koldo Mitxelena Kulturunean inauguratu zen orduko hartan eta ondoren Gipuzkoako herrietan barna ibili da bidaian.

2008-2009. ikasturtean Aretxabaletako Liburutegian kokatu zen aretoa. Bertara bisitan joan ziren Bergara, Arrasate eta Eskoriatzako haurrak, Aretxabaletakoez gain. Aurtengoan bi kokaleku izango ditu aretoak: bata Hernanin urtarrilaren 14an hasi eta otsailaren 10a bitartean. Bestea Zumarragan otsailaren 18tik hasita.

 

Gipuzkoan barna

Hernanin kokatuta, Labirintoaren jolas literarioak Hernani bertako haurrak izango ditu bisitari. Baina baita Astigarraga eta Urnietakoak ere. Egun gehienetan bina saio egingo dira, guztiak goizez. Ondoren, Zumarragako Kulturetxera mugituko da Labirintoa eta bertaratuko direnak Zumarragako eta Urretxuko haurrak izango dira. Horrez gain, Ordizia eta Legazpikoei ere bisitan joateko aukera luzatu zaie.

Saio guztiak Miren Gonzalez margolari eta dinamizatzaileak gidatuko ditu. Bisitak 8-10 urte bitarteko haurrek gauzatuko dituzte eta saio bakoitzak ordu eta laurden inguru iraungo du. Saio guzti hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eskaintzen zaizkie Gipuzkoako herri hauetako haurrei.

 

Bidaia munduz mundu

Labirintoaren Erbestean aretoan, bidaia bat proposatzen diegu parte hartuko duten bisitariei; bidai bat eremu arrotz batzuen barrenean. Labirinto bat sortu dugu bidai hori egiteko, labirintoaren sinbologiaz baliatu gara bidai iniziatiko bat edota abenturazko esperientzia bat proposatzeko. Beraz ekintza honek elementu desberdinak elkartzen ditu eta bizi- esperientzia bat eskainiko dio parte hartzen duenari.
 

Literaturaren aitzakia klasikoa erabili dugu eta bidaiekin zerikusia duten hainbat elementu sartu ditugu jolas honetan. Amandre ipuinetan, heroiak bere bizitza utzi eta urrundu behar izaten du bizimodu berri baten bila. Bidaia hau arriskuz, oztopoz eta egoera harrigarriz betea dago. Zailtasun hauek gainditu eta ipuinaren heroia hazi egingo da, emakume edota gizon bilakatuko, bidai horretan bizitzari parez pare begiratu diolako.

Sinbologia hau bete-betean agertuko da gure jolasean. Barne esperientzia bat egitea proposatuko diegu parte hartzen dutenei; espazio harrigarri batean sartu eta irteera bilatzea proposatu. Bakarka edota binaka ibili behar diren labirintoaren bideak estuak dira eta sorpresaz beterik daude. 
 

Mapa bati jarraituz labirintoaren barrena bidaia bat egin behar dute haurrek. Bidaia horretan, mundu desberdinak ikusi eta sentituko dituzte. Bidaia horretan atseden leku batzuk aurkituko dituzte. Horietan liburuak ikusteko eta diskoak entzuteko aukera izango dute.