Aurten aurreratuta dator deialdia eta laguntzak eskatzeko epea apirilaren 8an itxiko dute. Aurreko ureetan bezala, diru-laguntza lerro honen barnean, beste kultur sorkuntza batzuen artean, Haur eta Gazte literatura testuak sortzea eta ilustrazioak sortzeko prozesuak lagunduko dituzte diruz.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak argitaratu berri du Kultura Sorkuntza diru-laguntzen deialdia. Aurten aurreratu egin da iazko aldean eta eskaerak egiteko epea zabalik dago jada eta apirilaren 8an itxiko dute.
Euskarazko gazte literatura, ipuin bildumak eta eleberri laburren sormena lagunduko dituzte diruz literaturaren alorrean. Irudigintzari dagokionez, alde batetik, nobela grafikoak eta komikiak eta, bestalde, album ilustratu edo liburu baten ilustrazioak sortzeko laguntzak emango dituzte.
Literaturaren alorrean guztira hamar diru-laguntza banatuko dituzte. Bost euskarazko gazte literaturaren esparruan eta beste bost ipuin zein nobela laburren modalitatean. Irudi sorkuntzari dagokionez, zortzi diru-laguntza emango dituzte, lau atal bakoitzeko –nobela grafiko zein komiki eta album ilustratu nahiz ilustrazioak–.
Diru laguntza sorta guztietan aplikatuko dituzte honako irizpideak: gutxienez onuradun bat 30 urtez azpiko sortzailea izango da eta gutxienez bat, emakumea. Ebazpena egin eta berehala laguntzaren erdia jasoko dute onuradunek eta beste erdia sormen lana Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igorri eta Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Ebazpena noiz egingo duten ez dute zehazki ebatzi, diru-laguntzen argitalpena egin eta asko jota sei hilabeteko epea izango dute.
Informazio gehiago:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/sormena_gazteliteratura/web01-tramite/eu/
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/sormena_ipuineleberrimotzak/web01-tramite/eu/
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/komikiak-eta-eleberri-grafikoak/web01-tramite/eu/
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/album-ilustratuak/web01-tramite/eu/