Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-05-10

Kontuari Kontu ipuin jolasa Gipuzkoako 6 herritako liburutegietan izango da

Lehenengo geldiunea Tolosako Haur Liburutegian izango da. Martxoaren 11tik 15era bitarte, 7 saio gidatu eskainiko ditu bertan Mari Garcia dinamizatzaileak. Haur talde bakoitza 20 lagunez osatuta egongo da eta ordubete inguruko saioa egingo dute ipuin tradizionalen munduan barna.

 

Ondoren, martxoaren 18tik 22ra Errenteriako Haur Liburutegian izango da "Kontuari kontu" ipuin jolasa. 10 saio gidatu eskainiko dizkie bertan Galtzagorriko animatzaileak Errenteriako LH 2, 3 eta 4. mailetako haurrei. 

 

Aste Santua pasata, apirilaren 8an ekingo diote saioek Eskoriatzako Udal Bibliotekan. Apirilaren 12ra arte, 12 saioz gozatu ahal izango dute bertako haurrek. Apirilaren 15etik 19ra Hernaniko Haur Liburutegira bidaiatuko du "Kontuari Kontu" ipuin jolasak; handik, apirilaren 22an Mutrikuko Zabiel  Kulturetxera joango da, non, apirilaren 26ra arte 8 saio  gidatu egingo diren bertako haurrekin. Eta azkenik, maiatzaren 6tik 10era, Zaldibiko Liburutegian izango da ikusgai.

 

Guztira, beraz, "Kontuari Kontu" jolas literariotik Gipuzkoako  58 haur talde inguru igaroko dira. Beraz, 1.160 haur inguruk euskal ipuin tradizionalen inguruko jolasak egingo dituzte martxotik maiatzera bitarte. 

  

Euskal tradiziozko ipuinak

 “Kontuari Kontu”k Itziar Zubizarretak zuzendu eta moldatu duen euskal tradiziozko ipuin bilduma bati eta hari lotuta sortu den jolas literarioari ematen dio izena. Ipuin bilduma horretan agertzen diren lau ipuinak tradiziotik hartu eta moldatu ditugu. Era berean, tradiziozko ipuin hauen gaia ere eguneratu dugu.

 

Ipuingintza unibertsalean ere koka ditzakegu lau ipuin hauek; azken batean, tradiziozko ipuingintza gizakiaren ondarea da eta ez herri bakarrekoa. Herri bakoitzak sortu du ordea ondare berezi horren interpretazioa, bere gizarte propioari egokitu diolako.

 

Ipuin jolasa

Aipatu dugun ipuin bilduma transmititzeko, jolaserako espazio bat sortu dugu beraz. Eta espazio hau magia bereziarekin kutsatu nahi izan dugu. Bi plano gurutzatzen ditugu bertan: ametsaren mundua eta errealitatea, bien arteko mugan sare handi bat jarri dugu estalki moduan. Ipuinek ametsezko mundu batera eramaten gaituzte, eta, aldi berean, haiek ametsezko mundutik datozkigu.

Espazio erreala eta onirikoa bereizten duen sarearen lau ertzetatik zintzilik ipuin bakoitza sinbolizatzen duten lau objektu ipini ditugu: hauetako bakoitzak ipuin bakoitza gogoan izan eta kontatzeko parada eskaintzen digu. Soinu instalazio bat ere entzun ahal izango dugu, ipuinen ametsezko mundurako sarbide gisa.

 

 Itziar Zubizarreta izan da ipuin bildumaren diseinua, ipuinen moldaketa eta jolas literarioaren sorreraren arduraduna. Eta jolas literarioaren espazioaren sorrera Zubizarretak berak eta Itsaso Azkaratek burutu dute.

 

 

Ipuin bilduma

“Kontuari Kontu” ipuin bilduma Aitziber Alonsok sortutako kutxatxo batean jasota agertzen zaigu, non, ipuinez gain, CD bat ere kokatu dugun. CDak tradiziozko 4 ipuin horiek biltzen ditu, Patxi Zubizarretak eta Itziar Zubizarretak ahoz gora kontatuak eta Zuriñe Fernandez de Gerenabarrenaren musika originalak lagunduta.

Ipuin bakoitza kaxa barruan dauden 4 liburuxketako bakoitzean jasota dago eta maisuki ilustratua 4 euskal ilustratzaile ezberdinen eskutik:

- “Alaba eta alabaordea”, Eider Eibarrek

- “Errege zorria”, Jon Zabaletak 

- “Hiru olatuak”, Maite Gurrutxagak 

- “Zazpi lapurrak”, Iñaki Martiarena, Mattinek

 

Ipuin bilduma eskuratu nahi duenak, Galtzagorriko web gunearen bitartez egin dezake eskaera, hemen sartuta.

Tolosako Udal Liburutegian egindako saio baten argazkiak hemen eta behean saioaren hasierako bideoa: